Vendetta taldearen agurra

Bizkaie! 2018-03-09 13:55   Musikea

Ska talde ezagunak hamar urteko bidea amaituko dauela iragarri dau.

Taldearen kontzertu jentetsu bat (argazkia: Vendetta) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sare sozialetan zabaldutako mezuan jakinarazo dabe Vendetta taldeko kideek proiektuaren amaierea. Hurrengo asteotan hainbat kontzertu daukiez hitzartuta, baina horreen ostean ez da besterik egongo. Bizitzan, liburuetan legez, orriak pasau behar dira. Eta guretzat beste bat pasetako garaia heldu da, dinoe agur-mezuan.

Vendettak ska doinuak landu ditu batez be, erderazko eta euskerazko berbak erabilita. 2009an sortu zan ezkero, ia hamarkada bateko ibilbidea bete dau. Bost disko plazaratu ditu: Vendetta; Puro infierno; Fuimos, somos y seremos (Atzo, gaur eta bihar); 13 balas eta Bother. Javier Etxebarria eta Luisillo Kalandraka izan ziran Vendettaren sortzaileak eta laster batu jakezan Enriko Rubiños, Ruben Anton eta Pello Reparaz.

Tristura puntu bategaz erabagi dabe agur esatea, sare sozialetako mezuan adierazo dabenez. Baina asebetete sensazinio handia be badogu bizitakoagaitik eta ilusino handia etorriko danagaitik, ganeratu dabe. Naturaltasun osoz, geure bizitzek ibilbide desbardinak hartu ditue eta agur esateko unea heldu jaku.

Taldea disfrutetako eta jenteari disfrutau eragiteko sortu ebela dinoe, eta lortu dabelakoan dagoz. Gogoan izan ditue plazaratutako bost diskoak eta jotako ehundazak kontzertuak. Zaleei eskerrak emon deutsiez, Vendetta handi egiten lagundu dabelako.

Hori bai, Vendettaren proiektua behin betiko alboratu aurretik, geratzen diran kontzertuetan dana emoteko prest dagozala ziurtatu dabe: Gozau daigun 2018a merezidu dauen legez, abesti bakotxean arimea askatuz. Abducted Tour birako hainbat kontzertu daukiez agendan; hurrengoa martiaren 15ean, Donostian eta ondoren, Gasteizen, Madrilen, Iruñean eta abar egongo dira, apirilaren 21ean Bilbon amaitzeko. Ez dabe argitu agurreko kontzertu edo ekitaldi berezirik antolatuko daben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu