Gari eta Wilko Johnson BBK Music Legends-en egongo dira

Bizkaie! 2018-03-09 08:24   Musikea

Bagilaren 29an eta 30ean egingo dabe jaialdia Sondikako Olan.

Gari eta Maldanbera | Ikusi handiago | Argazki originala

Nazinoartean ibilbide oparoa egin dauen artista bat eta euskal musikearen barritzaile handienetako bat batu dira BBK Music Legends jaialdiaren kartelera. Antolatzaileek azaldu dabenez, Wilko Johnson konpositore eta gitarra-jole ingelesa Olako oholtzan izango da bagilean, baita Gari be, 1980ko hamarkadan, Hertzainak taldeko liderra izan zana. Biak be musikearen alorreko beteranoak.

BBK Music Legends-eko arduradunek dinoenez, Wilko Johnson eta Gari ez dira aurtengo karteleko azken nobedadeak. Oraindino artista gehiagoren barri emongo dabe. Halandabe, dagoeneko zerrenda polita osotu dabe orain arte: Jeff Beck eta Steve Winwood kartelburuak eta Glenn Hughes, Mavis Staples eta Ana Popovic lehendik egon dira iragarrita, orain Johnson eta Gari be egitarauan sartu dira.

Wilko Johnson 1947an jaio zan, Ingalaterrako Essex konderrian. 1970eko hamarkadan, Dr. Feelgood rythm&blues bandako sortzaileetako bat izan zan eta, horri esker, punk mobimendu jaiobarriaren inspirazinoetako bat izan zan. Harrezkero, beste talde askoren gitarra-jole be izan da. 2013an, minbizi terminala eukala iragarri eban eta agurreko bireari ekin eutsan. Azken unean osatu eta ezustean heriotzeari izkin egin eutsan. Hortaz, agertokietara bueltau da barriro.

Iñaki Garitaonaindia, Gari, 1980ko hamarkadan egin zan ezagun, gazte-gaztea zala. Josu Zabalagaz batera, Hertzainak taldearen liderra izan zan hamarkada batez. Euskal Rock Erradikala izeneko mobimenduaren ikurretako bat izan zan talde hori, eta musika jokera barriak zein horreen zaleak euskerara hurreratzeko ezinbestekoa. Hertzainak desegin zanean, bakarkako bideari ekin eutsan Garik.

Gaur egun, Gari eta Maldanbera bandeagaz ibilten da gehienbat. Azken diskoa, Estutu, 2016koa, talde horren barruan plazaratu eban eta BBK Music Legends jaialdira be formazino horregaz joango da.

Bagilaren 29an eta 30ean egingo dabe BBK Music Legends, BBK-k Sondikako Ola auzoan daukazan instalazinoetan. Dagoeneko salgai dago egun biak hartzen dituan bonoa eta laster egun bakarreko sarrerak aterako dituela aurreratu dabe antolatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu