Txiki Baskardo literatura lehiaketea abian Getxon
2018-03-08 12:09 KultureaDBHko 1. mailako neska-mutilentzako sariketea aurten jarri dabe martxan.
Getxoko Udalak I. Txiki Baskardo Kontakizun Lehiaketea antolatu dau, Ramiro Pinilla idazlearen omenez eta gaztetxuen artean idazteko zaletasuna bultzatzeko asmoz. Txiki Baskardo Ramiro Pinillaren lan bateko protagonistea da eta horregaitik aukeratu dabe izen hori lehiaketarako.
DBHko 1. mailako gazteek ikastetxeen bitartez edo euren kabuz parte hartu ahal izango dabe lehiaketan. Kontakizunak euskeraz edo gaztelaniaz idatzi beharko ditue eta aurretik saritu edo argitaratu bakoak izango dira.
Lehenengo modalidadean, DBHko lehen urteko irakasleek ikasleei proponiduko deutsie banaka kontakizunak idazteko. Luzerea eta gaia ikastetxe edo irakasle bakotxak erabagiko dau. Irakasleak gehienez kontakizun bi aukeratuko ditu talde edo gela bakotxeko, apirilaren 23a baino lehen. Bigarren modalidadean, neska-mutilek euren kabuz parte hartu ahal izango dabe, euren ikastetxeak ez badau lehiaketan sartu nahi izan, edo Getxon bizi arren beste udalerri baten ikasten badabe.
Bigarren moltsoko parte-hartzaileek apirilaren 13ra arteko epea daukie kontakizuna antolatzaileei bialtzeko. Ondoren, epaimahaiak hainbat finalista aukeratuko ditu. Horreek guztiak, eta lehenengo modalidadean irakasleek aukeratutakoek, finalean parte hartuko dabe, bagilaren azken astean. Egun horretan, antolatzaileek gaia jakin eragingo deutsie eta ordu bi izango ditue istorio bat asmetako. Pinillaren Txiki Baskardoren ibilerak liburuan oinarritutako gaia emongo deutsie.
Irabazle bi egongo dira, euskerazko eta gaztelaniazko bana. Ganera, finalistentzako sariak be egongo dirala aurreratu dau Getxoko Udalak.
Argibideak eta oinarriak, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!