Disko eta guzti dator Gozategiren 25. urteurrena
2018-03-07 12:37 MusikeaZingel izeneko abestia da lan barriaren aurrerapena.
Gozategi taldeak mende laurena bete dau herrietako jaiak girotzen. Efemeridea ospatzeko gogoz heldu dira 25. urteurrenera eta, horregaitik, laster diskoa argitaratuko dabe oriotarrek, Elkar argitaletxeagaz. Dagoeneko estudioan dabiz beharrean eta aurreikuspenak ondo badoaz, maiatz alderako kalean izango da.
Gozategiko kideek adierazo dabenez, 25 urte pasau arren, hasierako gogo eta ilusinoari eusten deutsie. 1990eko hamarkadan indar handiz ekin eutsan taldeak bere ibilbideari, erromeria giroa, tresna tradizionalak eta erritmo jantzagarriak buztartzen zituan estilo bereziari esker, trikitixea oinarri zala. Kantuetan aldarrikapenak eta kezka sozialak agertzen ditue, abesti arrakastatsuak, berbarako, Nirekin, euskal selekzinoarena...
25 urtean gorabehera batzuk izan dituan arren, Gozategik ez deutso joteari itxi eta maiatzean helduko dana zortzigarren diskoa izango da. Ganera, Kilometroak eta Nafarroa Oinez jaietarako abestiak be egin izan ditue, besteak beste. Hogei urte bete zituenean be, efemeridea gogoratzeko lan berezia atera eben, Gozategi All-Stars 1992-2012, euren ibilbideko kantarik esanguratsuenen bildumea.
Disko barria 25. urteurrena gogoratzeko era bikaina dan arren, Gozategikoek uste dabe plazarik plaza ibiltea dala ospakizunik onena: Plazan, jai giroan, alkartasun momentuak bizitea da ospakizunik onena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!