Hamaika artista, Ruper Ordorikaren omenezko kontzertuan

Bizkaie! 2018-03-07 09:08   Musikea

Hilaren 14an egingo dabe Bilbon Dabilen harriari so. Azukre koxkorrak Ruper Ordorikarentzat.

Argazkia: Loraldia | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal kantagintzan erreferente nagusietako bat da Ruper Ordorika, musikazale guztien gogoetan sartu diran kanta ezagunei esker. Hamaika bakarlari eta taldek oñatiarraren errepertorioa (rupertorioa esaten deutso berak) egokitu eta Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dabe, Loraldiaren egitarauaren barruan, Dabilen harriari so. Azukre koxkorrak Ruper Ordorikarentzat kontzertuan. Hilaren 14an, eguaztenean, izango da hitzordua.

Ken Zazpi, Petti, Balerdi Balerdi, Ixiar Oreja, Mikel Uraken, MICE... euskal musikagintzan dabizan hamaika talde edo bakarlarik parte hartuko dabe Ruper Ordorikaren ibilbidea gogoratzeko ekitaldi berezian. Bakotxak bi edo hiru kanta joko ditu, baina ez dabe zehaztu zeintzuk aukeratu dituen. Aurreratu dabenez, Ordorikak zuzenean joten dituen batzuk zein diskoetan baino ez dagozan beste batzuk tartekatuko dira. Rupertorio-ko pieza ezagunenak ez dira faltako, baina ezezagunagoak sartzen be ahaleginduko dira.

Talde edo bakarlari bakotxaren esku egon da jo beharreko kantak aukeratzea. Aukera zabala izan dabe, Ordorikaren ibilbide luzea kontuan hartuta, baina gau horretarako kantarik aproposenak aukeratzeak be badau zailtasuna.

Ruper Ordorika izango da protagonista nagusia, berak oholtzara igongo ez dauen arren. Haren oihartzunak ordezkatuko dau, beste musikari batzuen ahotsean. Ixiar Oreja be nabarmendu beharrekoa da egitarauan. Maixa eta Ixiar bikotean ezagun egin zan 1990eko hamarkadan, baina urteak dira zuzeneko kontzertu baten joten ez dauela. Kafe Antzokian abesti bakarra kantauko dau. Bestetik, Bernardo Atxaga eta Fermin Etxegoien idazleak be izango dira kontzertuan.

Loraldiaren ekimenez dator Dabilen harriari so. Azukre koxkorrak Ruper Ordorikarentzat. Kafe Antzokiak orain dala zortzi urtetik antolatzen dauen Izar&Star zikloak be parte hartu dau antolakuntzan. Bersinoen bidez, bertoko eta batez be kanpoko musikagintzako izarrak omentzen ditue ziklo horretan eta Ordorikari gorazarre egitea idea bikaina begitandu jake.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu