Estitxuri omenaldia egingo deutsie Bilbon
2018-03-06 12:58 MusikeaHil zanetik 25 urtera, emonaldi berezia antolatu dabe, Loraldiaren barruan.
Robles-Arangiz familiako kidea zan Estitxu kantautorea eta haren senideek oholtza ganean gogoratuko dabe, martiaren 17an, Bilboko BBK Salan (20:00). Hiru belaunalditako dozena bat robles-arangiztar batuko ditu ikuskizunak, Niko Etxart eta Gontzal Mendibil konbidau nagusi dirala. Joxemari Iriondo be agertuko da oholtzan.
Estitxu Robles-Arangiz 1944an jaio zan, Lapurdiko Beskoitze herrian, euskal kontzientzia sakona eukan familia ugari baten. Guraso, neba eta ahizten bideari segiduta, Estitxu be gazterik hasi zan sorkuntzan, musikan hain zuzen. Euskal Herrian ez eze, Amerikako hainbat kantalditan parte hartu eban, telebistan agertu zan eta 15 disko plazaratu zituan. Euskeraz, gaztelaniaz eta frantsesez abesten eban.
Euskal kantagintza barriaren loraldiko protagonista nagusietako bat izan zan Estitxu, batez be kantautore legez. 1993an hil zan arte, oholtzarik oholtza ibili zan, bakarrik zein beste artista batzuek lagunduta, tartean haren senideetako batzuek. Estitxuren ekarpena gogoratzeko une aproposa da hau, Robles-Arangiz familiaren ustez, eta, hortaz, ikuskizun berezi hau atontzen hasi ziran, Bilboko Udalaren laguntzinoagaz.
Azkenean, martiaren 17an aurkeztuko dabe Estitxu gogoan ikuskizuna, Bilbon, IV. Loraldiaren egitarauaren barruan. Batez be, Estitxuk sortu eta kantautako abestiak egongo dira errepertorioan, Iker Robles-Arangizek zehaztu dauenez: Kantauko dogunaren % 90 Estitxuren kantak dira, ganerakoa haren gustukoak ziran beste batzuk.
BBK Salako agertokian zehatz-mehatz ikusiko danaren barri ez dabe emon (sorpresea dala dinoe), baina musikeagaz batera jantzea egongo dala aurreratu dabe. Baita umorea be. Estitxuk hiru gauza maite zituan, kantua, Euskal Herria eta barrea. Hortaz, barre egiteko tarteak be aurreikusi ditue.
Robles-Arangiz familiako hiru belaunaldi alkartuko ditu ikuskizunak: Estitxuren neba eta ahizta batzuk, eta hurrengo belaunaldi bietakoak. Hamabi senide izango dira, baina hiru entsegu baino ez ei ditue egingo: Lana dakar hau egiteak, baina Estitxuren kantak bihotzean daroaguz, azaldu dabe haren familiakoek.
Robles-arangiztarrakaz batera, Niko Etxart eta Gontzal Mendibil be ikuskizunaren parte izango dira. Mendibilek ez deutso halako gonbidapen bati ezekorik emon gura izan: Estitxuk ahots gozoa eukan, gizonezkoetan Luis Mariano zan onena, emakumezkoetan bera; barruraino sartzen jatsun ahotsa.
Loraldiaren barruko kontzertua danez, Lorazainek 8 euroan erosi ahal izango ditue Estitxu gogoan-eko sarrerak, ganerakoek 10 euroan. Bestetik, Robles-Arangiz familiak disko berezi bi argitaratu ditu, Estitxuren heriotzearen 25. urteurrena dala eta: Robles-arangiztarrak izenekoan, familia horretako abeslariek (tartean Estitxuk) azken 60 urteotan kantautako abestien bildumea egin dabe; Gurasoeri izenekoa, bestetik, Estitxuren azken-aurreko diskoaren berrargitalpena da. Biniloan atera eban bere momentuan Estitxuk, orain CDan dago eskuragarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!