Pablo Milanes Bilbon
2018-03-06 11:18 MusikeaZortzi urte geroago, bagilaren 23an, trobadore bikaina Bilbora itzuliko da, Esencia birearen barruan.
Pablo Milanes Kubako Troba Barriaren ordezkariak Bilbo sartu dau bere Esencia birearen barruan. Kantautoreak kontzertua eskainiko dau bagilaren 23an, zapatuan, 20:00etan, Euskalduna Jauregiko Auditorioan. Bizkaiko uriburuan azken kontzertua eskaini eta zortzi urte geroago, Pablo Milanes esentzian itzuliko da Bilbora, Saguburu Produkzino etxearen eskutik, eta upealako kontzertua eskainiko dau, benetako ereserki bilakatu diran abesti klasikoz osotutako errepertoria jasoko dauelako, Yolanda, El breve espacio en que no estás edo Yo no te pido, besteak beste.
Bilbon izan dituan azken emonaldietan Pablo Milanesek sarrera guztiak agortu dituala kontuan izanda, zuhur ibiltea komenidu da. Musikariaren jarraitzaile beteranoek eta gazteek ezin deutsie Milanesen zuzenekoetan dana emoten dauen artistaz barriro gozetako aukereari iges egiten itxi. Artisteak berak adierazoten dauen eta emonaldi bakotxean erakusten dauen legez, kontzertuak lanaren gorengo unea dira, eta agertokia, adierazpenerako leku nagusia.
Pablo Milanes hirukotea igoko da Euskalduna Jauregiko areto nagusira, Maylin Gonzalez Adamak (txeloa eta tekladuak) eta Ivonne Tellezek (pianoa) lagunduta. Ahotsa gitarreagaz lagunduta, kantautore kubatarrak bere errepertorioko abesti antologikoak eskainiko ditu, De qué callada manera, Para vivir edo El tiempo pasa, eta abesti barriak be ezagutarazoko deuskuz, Vestida de mar edo Días de Luz, besteak beste, oraintsu sortu ta bere musika sorkuntzan behin eta barriro agertzen dan gaietako bati buruzko gogoetea egiten daben abestiak: denporearen iraganaren ezinbestekotasuna.
Pablo Milanesen ibilbide luze eta arrakastatsuan bakarkako 40 disko baino gehiago eta taldekako diskoetan partaidetza zabala jasoten dira. Kubako Troba Barriaren sortzaileetako bat, musikearen mundua irauli eban, mugak gainditu dituen eta gaztelaniazko musikea unibersoan ezinbesteko bilakatu daben melodiak eta letrak idatziz. Kantautore kubatarra hainbat lanetan dabil gaur egun: Kubako Troba Zaharraren abesti handiak berreskuratuko dituan diskoa, Jose Maria Vitier piano maisuagaz, jazz amerikarraren estandarrez ostutako diskoa, Kubako musikari gazteakaz, bere abestien artetik azpimarragarriak jasoten dituan saltsa diskoa, Dagoberto González Junior-ek produziduta, eta abesti barriez osotutako diskoa.
Milanesen diskografia zabala, 1973an hasi zan, Haydee Santamaria Iraultzako heroiaren eta Casa de las Américas izenekoaren zuzendaria zanaren laguntzinoagaz grabautako Versos Sencillos lehenengo diskoagaz. Gero, beste askoren artean, Chico Buarqueren, Mercedes Sosaren edo Luis Eduardo Auteren lankidetzea dauen eta 1985ean argitaratutako Querido Pablo, etorri zan. Hiru urte geroago, Pablo Milanesek musika egitasmo handiari ekin eutson, izan be, 1988an, 22 kontzertu eskainiz Kuba alderik aldera hartu eban Amo esta isla birea tarteko. Ondoren egin dituan lanen artean, Víctor Manuelegaz batera grabautako disko bi, Mucho más que dos (1994) eta En blanco y negro (1995), eta Despertar (1997) nabarmendu daitekez, baita 2006an Kantautore Onenaren Grammy Latino Saria irabazi eban Como un campo de maíz, eta Andy Montañezegaz izandako lankidetzearen ondorioz Disko Tropikal Tradizional Onenaren Latino Saria irabazitako AM/PM, Líneas Paralelas diskoa bere, beste askoren artean. Horrezaz gan, artisteak beste hainbat sari be irabazi ditu, 2015ean, bere ibilbide artistikoagaitik emon eutsien Bikaintasunaren Grammy Latino Saria, eta La Mar de Músicas Jaialdiko Sari Berezia, 2017an irabazitakoa. Bere azken diskoa Renacimiento da, eta 2013an kaleratu eben.
Protesta abestiaren ordezkari handia, maitasuna eta konpromiso politikoa eta soziala dira bere lanen ardatz nagusietako bi.
Gogoan hartu, Pablo Milanes datorren bagilaren 23an, egongo da Bilbon, San Juan gauean, abesti maitagarrien bitartez gau berezi horren espiritu magikoan sartzen lagunduz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!