Musika-Músicak 30.000 entzule baino gehiago izan ditu

Bizkaie! 2018-03-05 10:49   Musikea

Datorren urteko edizinoan Londres eta New Yorkera begiratuko dau jaialdiak.

Argazkiak: Bilbao 700 Fundazinoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Lau egunez, Euskalduna jauregiko aretoak bete ditu Musika-Música jaialdiak, Bilbao 700 Fundazinoak antolatuta. Behin amaierara helduta, balantzea egin eta hurrengo urtera begira jarteko momentua da. Azken kontzertuetako behin betiko datuen faltan, antolatzaileek azpimarratu dabe 30.000 lagun baino gehiagok disfrutau dabela egitarauko kontzertuakaz. Oholtzan, 1.500 musikari eta abeslari inguru egon dira.

Lehen eta Bigarren Mundu Gerren arteko konpositoreak izan dira aurtengo egitarauaren ardatza. Hurrengo edizinorako gaia zein izango dan be aurreratu dau Bilbao 700 Fundazinoak: Londres eta New York metropolietako dinamika kultural eta musikala. Konpositore britainiarrek Europako musikeari ekarpen esanguratsuak egin deutsiez betidanik, antolatzaileen arabera. New York, bestetik, globalizazinoaren erdigune eta eredua da.

Bilbao 700etik azaldu dabenez, gaur egungo munduaren garapen itzelaren metaforatzat hartu behar dira Londres eta New York, eta horregaitik aukeratu ditue datorren urteko Musika-Música jaialdirako. Era guztietako adierazpide kulturalen eta jazoera soziopolitikoen agertoki handiena dira uriok.

Programazino zehatza adostu barik dagoan arren, 2019ko edizinoko konpositore batzuen izenak aurreratu ditue: Arthur Sullivan, Edgard Elgar, Gustav Holst, Ralph Vaughan Williams eta Benjamin Britten britainiarren aldetik; eta George Gershwin, Kurt Weill, Aaron Copland, Samuel Barber eta Leonard Bernstein musika amerikarraren partetik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu