'Errementari' eta 'Oin Handiren semea' zinema-aretoetan

Bizkaie! 2018-03-02 12:50   Zinemea

Paul Urkijoren pelikuleak ikusmin handia eragin dau.

Euskerazko zinemagintzeak asteburu oparoa izango dau, film barri bi aretoetara heldu diralako. Batetik, euskeraz egindako lan bat, Paul Urkijoren Errementari, estreinauko dabe. Bestetik, atzerritik ekarri eta euskeraz itzulitako beste bat be egongo da aukeran, Oin Handiren semea animazinozko filma. Biak gaurtik, barikutik, dagoz ikusgai.

Lehenago be egon da Errementari ikusteko aukerea, fantasiazko eta bildurrezko gaiak lantzen dituen jaialdi batzuetan erakutsi dabe eta. Ganera, astelehenean aurrestreinaldi bi egin zituen, bata Bilbon eta bestea Gasteizen. Areto komertzialetako osterea, baina, gaur hasiko dau Urkijoren filmak.

Patxi Errementariaren istorioan oinarritu da Paul Urkijo arabarra Errementari pantaila handira eroateko. Era horretako istorio fantastiko eta misteriotsu bat euskeraz sortu izana barritasuna da eta horrek ikusmina eragin dau zinemazaleen artean. Ganera, bai istorioak berak eta bai aktoreen lanak be kritika bikainak izan ditue.

Filma bersino originalean, hau da, euskeraz, ikustea aukeratzen dabenentzat, esperientzia berezia izango da Errementari, izan be, Arabako euskerea erabilten dabe pertsonaia batzuek, beste batzuek batua eta euskalkiak be entzun leitekez. Gorka Lazkano itzultzailea eta Koldo Zuazo hizkuntzalaria arduratu dira Arabako euskerearen itxurako hizkerea sortzeaz. Dana dala, egileek ziurtatu dabe edozein euskaldunek ondo ulertzeko modukoa dala.

Beste alde batetik, Zineuskadi erakundearen eskutik dator Oin Handiren semea. EZAE sarearen barruan dagozan aretoetan ikusi ahal izango da euskerara bikoiztuta, Zinema Euskaraz egitasmoari esker. Belgikatik dator marrazki bizidunetako film hau, eta Jérémy Degruson da zuzendaria. Adam izeneko mutikoa da pelikulako protagonistea. Aspaldi desagertutako aitaren bila abiatu, eta hainbat sorpresa topauko ditu bidean. Bigfoot edo Oin Handiren semea dala jakingo dau. Ganera, aitaren potereak Adam semeak be badaukazala ikusiko dabe protagonistek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu