Hainbat euskal talde, MIN Sarietako finalista

Bizkaie! 2018-03-02 10:17   Musikea

Delorean, Jabier Muguruza, Zea Mays, Belako, Rafa Rueda eta beste batzuk dagoz tartean.

Delorean taldea finalisten artean dago | Ikusi handiago | Argazki originala

Musika independentearen Espainiako sariak dira MIN izenekoak eta 10. edizino honetako finalisten barri emon dabe antolatzaileek. Danetara, 22 kategoria daukaz sariketeak, horreetako bat euskerazko talde zein bakarlarien lanei eskainitakoa. Sail horretan bost finalista dagoz. Delorean taldeak Mikel Laboaren omenez plazaratutako diskoari esker lortu dau finalisten artean sartzea; indar errtimikoa, orekea eta sentimenduzko kargea aitatu ditue MIN Sarietako arduradunek Deloreanen lan barriaren inguruan.

Jabier Muguruzak Leiho bat zabalik diskoa plazaratu eban 2017an. MIN Sarien antolatzaileek, lan hori ez eze, Muguruzaren ibilbide osoa txalotu dabe.

Zea Maysen ibilbidea be luzea eta oparoa izan da. Hain zuzen be, 20. urteurrenean ateratako disko bereziagaitik izentau dabe MIN Sarietarako.

Fermin Muguruza eta The Suicide of Western Culture, ostera, Irungo sortzailearen eta Kataluniako artista batzuen arteko alkarlanetik jaio da. B-Map 1917+100 egitasmoak emon deutse MIN Sarietan sartzeko aukerea.

Azkenik, Rafa Ruedak Hiri Kristalezkoa atera eban udagoienean; MIN Sarietakoek nabarmendu dabe disko horretan hainbat idazleren testuak erabili dituala.

Euskal taldeek, Euskerazko Diskorik Onenaren sailean ez eze, beste batzuetan be baditue izendapenak; esaterako, Delorean eta Fermin Muguruza Grabazino Elektronikorik Onenaren kategoriako finalista dira. Bideoklip onenaren ataleko hautagaien artean, Mungiako Belako taldea dago, baita urteko kontzerturik eta abestirik onenen kategorietan be. 

Finalistak aukeratzeko, publikoari zabalik egon dan bozketea martxan ipini dabe antolatzaileek. Kategoria bakotxeko irabazleak, baina, epaimahai profesionalak erabagiko ditu orain. Martiaren 14an, Madrilen egingo dan ekitaldian jakingo doguz sarituen izenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu