Kenny Garrett eta Chano Domínguez, Getxoko Jazzaldian

Bizkaie! 2018-03-01 13:22   Musikea

Euskal jazz zirkuituari hasierea emongo deutso jaialdiak, garagarrilaren 4tik 8ra.

Kenny Garrett eta Chano Domínguez | Ikusi handiago | Argazki originala

Getxoko Nazioarteko 42. Jazzaldia gero eta hurrago dago. Getxoko Udalak jakitera emon dauenez, kontzertu nagusietako izen bi baditue lotuta. Gaur egungo jazzaren erreferentzia dan Kenny Garrett saxo-jotzailea eta Chano Domínguez pianistea, jazz flamenkoaren erakusle handia, 2018ko edizinoan izango dira.

Kenny Garret (1960, Detroit) Miles Davisen oinordekoetako bat dala dinoe adituek. Oso gazterik hasi zan saxoa, klarinetea eta txirulea joten eta 1970eko hamarkadearen amaieran, Duke Ellington Orkestran sartu zan. Ganera, sarri jo eban George Coleman-en jam sessions-etan eta baita Mel Lewis eta Frank Foster talde handietan be. 1984. urtean kaleratu eban lehenengo diskoa, Introducing Kenny Garrett. Orduan hasi zan Miles Davis handiaren alboan joten. Bere ibilbidean, Garrett-ek berezko doinua eta melodia bereizgarria erakutsi ditu. Azken urteotan bilakaera handia izan dau, konpositore eta bandearen lider lanetan. Doinu ugari jorratu ditu, straight jazzean hasi eta erritmo garaikideetan amaituta, Karibe aldeko, Chick Corearen eta Chucho Valdésen eraginak ahaztu barik. 2010ean, Jazz Instrumentaleko Disko Onenaren Grammy saria irabazi eban, John McLaughlin, Chick Corea, Christian McBride eta Vinnie Colaiuta-gaz grabautako Five Peace Band lanari esker. Hogei bat disko kaleratu ditu Garrettek eta horreetako azkena Do Your Dance (2016) da.

Getxon, garagarrilaren 5ean joko dau Garrettek saxoa; beragaz etorriko dira Vernel Brown (pianoa), Corcoran Holt (baxua), Marcus Baylor (bateria) eta Rudy Bird (perkusinoa).

Bestetik, Chano Domínguez (1960, Cádiz) izen handiko artistea da jazz flamenkoaren arloan. Hamazortzi urte zituala lehenengo taldea sortu eban, Cai banda ospetsua. 1980ko hamarkadan, Hixcadix taldea eratu eta nazinoarteko agertokietara salto egin eban. 1992an, hirukotea sortu eban Javier Colina eta Guillermo McGill lagun zituala. Flamenkoaren formak jazzagaz nahasten hasi zan.

Chano Domínguez (pianoan) garagarrilaren 7an egongo da Getxon, Javier Colina (kontrabaxua), Guillermo McGill (bateria), Blas Córdoba (kantua), Ismael Suárez  (perkusinoa) eta Tomasito (gitarrea) alboan dituala.

Getxoko Jazzaldia garagarrilaren 4tik 8ra egingo dabe eta, urtero legez, Jazz Euskadi zirkuituko lehenengoa izango da. Saio nagusiak eta Talde Lehiaketearenak Algortako Biotz Alai plazan izango dira 21:00etan hasita; eta Hirugarren Milurtekoa ataleko eta familia osoarentzako kontzertuak, Algortako Geltokia plazan (19:00 eta 13:00etan, hurranez hurran). Ordainpeko saioen sarrerak apirilaren 3tik egongo dira salgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu