Berbaldiak eta zinemea, Bilboko Bidaiarien Txokoan
2018-03-01 10:51 KultureaBidaien eta abenturen bestelako ikuspegi bat eskaintzea da zikloaren helburua.
Bilboko Udalak azaldu dauenez, Bidaiarien Txokoaren ardatza Begoña eta Santutxu auzoetako udaltegiak izango dira aurten. Lehenengoak berbaldiak eta proiekzioak hartuko ditu; bigarrenak, zinemea eta musikea. Bidaiak, abenturea eta naturea gustuko dituen herritarrentzako aproposa dan ziklo hau martian egingo dabe eta jarduera guztiak dobakoak dira.
Berbaldien atalean, lau hitzordu nabarmendu ditue antolatzaileek, danak Begoñako auzo-etxean eta 19:30ean hasita: Andrea Bergarechek ekingo deutse saioei, martiaren 7an, Viajando sola, de Argentina a Colombia en autostop izeneko berbaldiagaz. Euskerazko saio bakarra martiaren 15ekoa izango da; Koldo Zubizarretak eta Ainhoa Pérez de Nanclaresek munduan zehar bizikletaz ibili ziraneko gorabeherak kontauko ditue.
Santutxuko Udaltegiko egitarauan beste lau hitzordu dagoz; batetik, abentureagaz lotutako pelikulen hiru emonaldi, martiaren 6an, 14an eta 16an. Lehenengo saioan, Zinebi jaialdiko programazinotik aukeratutako lau film eskainiko ditue. Beste emonaldi bietako lanak, barriz, Mendi Film Festivalen erakutsitakoak dira. Gehienbat, film eta dokumental laburrak dira.
Bestetik, kontzertu berezi bat be egongo da Santutxun, hilaren 13an: Sabes Muy Bien taldeak swing, rumba, reggae eta beste estilo ugari buztartuko ditu, fusino koloretsuan. Hori be 19:30ean hasiko da.
Bidaiarien Txokoaren proposamena osotzeko asmoz, erakusketea atondu dabe, Begoñako Udaltegiko erakusketen gelan. Martiaren 5etik 16ra, Belgikaren inguruko jakingarriak ezagutu ahal izango dira, La ventana belga izenburupean: kultura eta tradizinoak, baliabide turistikoak, egileak, ondarea eta arkitekturea, lurraldearen historia eta gaurkotasuna... Horretarako, material grafiko eta dokumentalen aukeraketa bat egin dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!