Gure Artea Sarietako deialdia egin dau Jaurlaritzeak
2018-03-01 09:59 KultureaEuskal sortzaile garaikideei autortzea egitea da asmoa.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 54.000 euro bideratzea erabagi dau 2018ko Gure Artea Sarietarako, eta aurtengo edizinoari jagokon deialdia egin dau. Sarion helburua da euskal arte garaikidea zabaltzea erraztea, arte plastiko eta ikusizkoen arloan gizartearen autortzea bideratuz. Hiru modalidade egongo dira eta 18.000 euro emongo deutsiez irabazle bakotxari.
Lehenengo modalidadeko saria sortzaileen lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta emongo da. Egindako lan sortzaileagaitik eta kultureari zein arte garaikideei egindako ekarpenagaitik nabarmentzen dan artisten lana saritzen dabe, Jaurlaritzeak azaldu dauenez.
Bigarren modalidadeak, ostera, azken urteak hartzen ditu kontuan, eta bere jarduera artistikoagaitik zein sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagaitik nabarmendutako artistea edo artista-taldea izango da irabazle. Azkenik, hirugarren modalidadeak arte plastiko eta ikusizkoen arloan eragileek egindako sustapen lana saritzen dau. Hortaz, sortzaileak zein bestelako eragileak dira hautagai.
Kontuak kontu, euskal sorkuntzearen munduari bultzadea emoteko modua dira Gure Artea Sariak. Jaurlaritzearen esanetan, arte-sorkuntzan dabizanei bizgarriak emoten deutsiez eta kulturearen alor horretan dabizanei autortzea eta zabalkundea eskaintzen jake.
2017ko irabazleak Sra Polaroiska proiektua, Azala eta Maria Luisa Fernández izan ziran. Apirilaren amaieran emon eben sarituen barri eta aurten be hortxe bueltan aurreikusi dabe irabazleen izenak publiko egitea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!