Gazteentzako literaturea euskeraz eskainiko dau Begikok
2018-03-01 08:46 KultureaSantillana-Zubia argitaletxeak sortu dau zigilu barria.
Ume eta gazteentzako euskerazko liburuei lekua egingo deutse Santillana-Zubia argitaletxeak, Begiko zigiluaren bidez. Alfaguara-Zubia proiektuaren lekukoa hartuko dau, hiru zutabetan oinarrituta: Kalidadea, askotariko generoak eta irakurzaletasuna bultzatzea. Joseba Santxo idazlea izango da Begiko-Zubiako zuzendaria.
Zigilu barriaren barruan, hainbat serie edo bilduma egongo dira, bakotxa edade bati lotua. Berde kolorekoa lau eta sei urte bitartekoentzat izango da, horia seitik zortzirakoentzat eta morea (8-10), laranjea (10-12) eta gorria (12-14) be egongo dira. Ganera, irakurketa errazeko liburuak argitaratzeko asmoa be badaukie.
Sasoi baten Alfaguara-Zubian plazaratu ziran libururik arrakastatsuenak barriro argitaratuko ditue: Jasone Osororen Jara bildumea, Toti Martinez de Lezearen Heriotza harrigarria, Roald Dahl-en Matilda eta abar. Bestetik, titulu barriak be eskainiko ditue, esaterako Leire Bilbaoren eta Unai Elorriagaren liburu barriak. Euskeraz sortutako zein beste hizkuntza batzuetatik itzulitako istorioak be tartekatuko ditue Begiko-ren bildumetan.
Joseba Santxok azpimarratu dauenez, urterik urte bildumak aberasten eta elikatzen joatea da asmoa, bertoko zein atzerriko autoreen kalidadezko obren bidez. Beste hizkuntzetako liburuen alorrerako, nazinoartean klasiko bihurtu diranak bilatu, eta kalidade handiko itzulpenen bidez euskeratu nahi ditue, Begiko-ko zuzendariaren arabera.
Santillanak euskerazko argitalpenen alde egiten dauen lana gogoratu dau Santxok. Testu liburuak eta bestelako materialak plazaratzen ditue aspalditik, eta Alfaguara-Zubia zigiluak be urte ugari daroaz martxan. Orain, azken hori desagertu egingo da eta Begiko proiektu barriak ordezkatuko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!