Buruko gaixoen egoera larria Indonesian

Zigor Aldama 2018-02-28 08:07   Bidaide

Hasieran, Abtyah-ek Ernawati soka bategaz lotu eta sarritan askatzen eban. Baina min emoten eutsan bere buruari eta beste batzuei, eta katean lotzea beste urtenbiderik ez neban izan.

Ernawati-k ez dau deliturik egin, baina bizi osoan sufridu beharko dau torturarik gaiztoena. Bere familia aurrera atera besterik ez eban egin nahi baina orain bere senideek ganbaran sartu dabe. Zoritxarreko adjektiboa ez da nahikoa Ernawati-ren bizimodua azaltzeko. Gordeta daukien gelea metro eta erdi eskas da luze, eta beste horrenbeste zabal. Baina horrek ez deutso ardura, ze 23 urteko emakume hau momentu guztietan hormara lotuta daukie kateagaz eta ezin da altzau be egin. Bere behar fisiologikoak han bertan egin behar ditu eta, hori gitxi balitz, gela txiki horretan ez dago ez leihorik ez argirik, eta atea zarratuta egoten da ia egun osoan. Ernawati-k argia ikusten dauen une bakarra ama etorten jakonean da, bera garbitzen eta jateko zeozer emoten, sarri pipaz edo frutu lehorrez betetako plastikozko edalontzi bat.

Ernawati-k eskizofrenia dauka. Edo, behinik behin, hori da Indonesiako Sukabumi herriko -Java ugarteko mendebaldeko ertzean- osasun zentro apalean uste dabena. Inork ezin dau azaldu zelan Ernawati-k bizimodu normala izan eban 2016ra arte. Danek uste dabe zeozerk buruko nahasketea eragin eutsala orain dala urte bi, Saudi Arabian etxeko behargina zanean.

Ernawati neska isila zan, baina guztiz normala, dino 55 urteko amak, Abtyah-ek. Birritan joan zan Saudi Arabiara eta irabazitako diruagaz etxe honen zati handi bat pagau eban. Baina hirugarren aldiz joan zanean, seme-alabei hezkuntza ona emoteko aurrezteko asmoz, hilebete baino ez zan egon.

2016ko abuztuan, bere bizitzea goitik behera aldatu eutson deia jaso eban Abtyah-ek. Indonesiak Riad-en daukan konsuladutik etorren. Ernawati txarto egoala eta deportau egingo ebela esan eustien, baina informazino gehiagorik emon barik, gogoratu dau amak. Sukabumiko ospitaleko funtzionarioek harrerea egin eta ospitalean sartu eben. Dirurik ez daukagunez, Segurantza Sozialak eskaintzen dauen 40 eguneko dobako tratamendua baino ez eutsien emon, dino Abtyah-ek. Etxera heldu eta konturatu ginan ezin genduala libre itxi, alde egiten eban, bizilagunei aurre egiten eutsen eta arazo asko eragiten zituan.

Hasieran, Abtyah-ek Ernawati soka bategaz lotu eta sarritan askatzen eban. Baina ezin neban ondo jagon. Min egiten eutsan bere buruari eta beste batzuei. Laguntzinorik ezean, katean lotzea beste urtenbiderik ez neban izan, dino, negarrari eutsi ezinik. Katea luzeegia be ezin da izan, altzau eta hormeari ostikoka hasten dalako eta min hartzen dau, ganeratu dau Abtyah-ek. Bere hiru lobak aurrera atera behar ditu orain, bakarrik. Jornalaria naz, baina orain ezin dot ia ezer egin, Ernawati eta bere hiru seme-alabak jagon behar dodazalako. Nagusi biak eskolara doaz, baina txikia -urte bi eta erdikoa- oraindino ez. Oso kantsauta nago, gauez Ernawati zoro baten pare oihuka hasten dalako eta ezin dot lorik egin.

Halandabe, amak Ernawati-ren ganbarearen atea zabaltzen dauenean, honek irribarre egiten dau. Zergaitik dagoan kateatuta galdetu deutsat, eta ez dakiala dino. Libre ixten badabe ondo portauko dala ziurtatu dau. Saudi Arabian zer jazo jakon ez ei dau gogoratzen. Baina Ernawati ospitalean artatu eban erizainetako bat dan Sugih-en ustez, kontu honen jatorria han egon leiteke: Emakume askok era guztietako gehiegikeriak jasaten ditue Saudi Arabian, horregaitik debekatu dau Indonesiak hara lanera joatea. Beharbada traumatizau egin da eta horrek eskizofrenia askatu dau. Dana dala, Ernawati-rena muturreko kasua da.

Sugih-ek ondo baino hobeto daki zelan bizi dan Ernawati, ospitaleko behargin batek bost egunean behin eroaten deutsazalako botikak: Diazepam eta neskatoa kontzientzia ia galduta ixten daben beste lasaigarri batzuk. Ernawati ospitalera eroan daien proponidu dogu, tratamendu luzeago baterako. Uste dogu bere buruko osasuna hobetzeko eraginkorra izango litzatekeela, baina familiak ez dauka baliabide ekonomikorik ospitaleratzea pagetako, eta guk ezin doguz behartu Ernawati-ren baldintzak hobetu deiezan, ziurtatu dau erizainak telefonoz.

Inork ez daki ziur legez kanpokoa ete dan persona bat 24 orduz kateatuta eta argi barik eukitea. Baina askok dinoe Ernawati ez dala, inondik inora be, bakarra. Ohikoa da landa eremuko leku urrunetan arazoak emoten dituen buruko gaixoak etxeetan gordeta eukitea, ezelako osasun-arreta espezializadu barik, onartu dau Sugih-ek. Landa eremuko osasun-sistema eskas horregaz, gehien sufriduten dabenak buruko gaixoak dira, askotan ez dabe pentsetan gaixotasun bat daukienik be. Zorotzat joten ditue eta kito.

Human Rights Watch erakundearen 2016ko txosten baten arabera, Ernawati-ren antzeko baldintzetan bizi dira ia 19.000 gaixo. Pasung izenagaz ezagutzen dana da hori, hau da, gaixoak lotu edo izkutetako ohiturea, 1977an debekatua. Gobernuaren beraren arabera, Indonesian 57.000 bat lagunek sufridu dabe eta, gaur egun, 18.000 inguru euren etxeetako gelaren baten zarratuta dagoz, edo tratu bape duina emoten ez daben egoitzetan. Gobernuak 2019rako pasung-a ezabatzeko helburua dau, baina azpiegitura txarren eta baliabide eskasen erruz ez dala beteko onartu dau.

Atea zabalik dauela, Ernawati kantuan hasi da. Koraneko pasarteak errezitau eta burua hiyab zapiagaz estali dau. Errukitu gaitezala nahi dau, eta aske itxi, baina badakigu gero zer jazoten dan, dino Abtyah-ek, alabearen ulea orrazten dauen artean. Ganbaran gorotz-hatsa dago, baina amak ezin dau alabea sarri garbitu, iges egin ez daian nahikoa indarrik ez daukalako. Bere nebetako bat etorri arte itxaron behar dot, eurak dira alderdi ekonomikotik be laguntzen gaituenak.

Tamalez, Ernawati-ren zoritxar bakarra ez da buruko gaixotasuna izan. 14 urte zituala gurasoek 20 urteko mutil bategaz ezkontzen behartu eben, eta harek ez eban alde egiteko ezelako zalantzarik izan Ernawati Saudi Arabiatik gaixorik bueltau zanean. Dirua bialtzen eutsan bitartean pozik egoan gizona, baina andrea jagon beharko ebala ikusi eban momentuan, ez dogu haren barririk izan, dino Abtyah-ek etsipenez. Alboan, hiru umeak pantailea apurtuta daukan gailu baten telebistea ikusten dagoz, amaren egoerea zein dan ez dakiela. Honeen etorkizunak kezkatzen nau, dino Abtyah-ek, ze nire eta Ernawati-ren etorkizuna dagoeneko desagertu da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa