Loraldiak Imanol omenduko dau martiaren 10ean
2018-02-27 08:40 KultureaHaren errepertorioko kantarik ezagunenak jazz estiloan joko ditue.
Euskal kultureari ekarpen esanguratsua egin deutsien artistei omenaldiak eskaintzeko ohiturea dauka Loraldia Festibalak, ikuskizun berezien bidez. Aurtengo edizinoan be era horretako hainbat ekitaldi egongo dira, esate baterako, Imanol Jazz izenekoa; martiaren 10eko emonaldian Imanol Larzabal (1947-2004) kantaria izango dabe gogoan.
2016an, Loraldiak Laboa Jazz egitasmoa jarri eban abian; Iñaki Salvadorrek Mikel Laboaren kantak moldatu eta honeek bidaideak aukeratu zituan: Anjel Unzu gitarristea eta Ainara Ortega eta Maria Berasarte abeslariak. Orain, urte bi geroago, bide beretik joko dabe Imanolen omenaldian. Izenburua be antzekoa izango da: Imanol Jazz.
Imanolen musikea berreskuratu eta haren espiritua oholtzara eroateko lau artista izango dira bertan: Karlos Gimenez eta Iñaki Salvador pianistak eta Ainara Ortega eta Petti kantariak. Imanolen hamabi kantu esanguratsu aukeratu eta eurek egindako moldaketez jantziko ditue.
Iñaki Salvador eta Karlos Gimenez, biak ibili ziran Imanoli laguntzen. Salvador jazz-musikari oparoa da eta euskal musikari askoren alboan jo izan dau. Gimenez, ostera, Imanolen kantu askoren konpositorea izan zan. Orain, pianoa joko dabe biek, Ortegaren eta Pettiren ahotsek lagunduta.
Imanol Jazz Bilboko Azkuna Zentroko auditorioan emongo dabe, martiaren 10ean (20:00), IV. Loraldiaren egitarauaren barruan. Ordu eta erdiko ikuskizun hau atontzeko EHUren Mikel Laboa Katedrearen laguntzinoa izan dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!