Aramaioko Bilobak, Kuadrillartekoaren finalera

Bizkaie! 2018-02-26 09:03   Bertsolaritzea

Amurrioko finalaurrekoan Gasteizko Bapateroak taldeak be parte hartu eban.

Amurrioko finalaurrekoan bertsolariak lanean (Argazkia: Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arabako Kuadrillarteko Bertsolari Txapelketako bigarren finalistea zein izango dan jakin da asteburuan, Amurrioko kultura etxean jokatutako saioan. Aramaioko Ibabeko Bertaren Bilobak eta Gasteizko Bapateroak izan ziran lehian, giro onean. Azkenean, Aramaiokoek eskuratu zituen puntu gehien.

Saioari ekiteko, Aiaraldeko Alfreedon taldeak bertso-sortea kantau eban, preso dagozan Alfredo eta Julenen alde. Ondoren, finalaurrekoetako parte-hartzaile biek hainbat ariketa egin behar izan zituen, agur kolektiboagaz hasita. Binaka ofizioetan, hirunaka koplatan, asmakizuna hirunaka... saio umoretsua izan zan.

Gai-jartzailea Nieves del Alamo izan zan eta epaile lanetan, barriz, hiru lagun ibili ziran: Egoitz Iradier Bapateroak taldearen ordezkaria, Iker Elexpuru Aramaioko Bilobak taldearen izenean eta Patxi Aizpurua Arabako Bertsozale Alkartearen ordezkari.

Bapateroak taldean honeek ibili ziran bertsotan: Aroa Arrizubieta, Unai Anda, Maddalen Arrausi, Xabier Antia eta Mikel Martin. Aramaioko Bilobak taldearen partez, oholtzan honeek egon ziran: Xabi Igoa, Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa.

Behin puntuazinoak emonda, Aramaioko Bilobek eskuratu eben finalerako txartela. Hortaz, Kuadrillartekoak badaukaz finalista bi, Arabako Errioxako Txandrio eta Aramaioko Bilobak. Hirugarren finalistea martiaren 3ko saioan erabagiko dabe. Aramaion jokatuko da hirugarren finalaurrekoa eta Errekaleor Bizirik! eta Sumendi Bete Poto izango dira lehian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu