Irakurketa Errazaren aldeko azokea Azkuna Zentroan

Bizkaie! 2018-02-23 13:33   Kulturea

Bigarren eskuko liburuak eta ikus-entzunezkoak salduko ditue zapatuan eta domekan.

Euskerazko Irakurketa Erraza proiektuari laguntzeko ekinaldi barria otu jako Azkuna Zentroari, irakurketa inklusiboa bultzatzen dauen alkarteagaz alkarlanean. Proiektuari eusteko finantziazinoa lortzeko, bigarren eskuko azokea egingo dabe hilaren 24an eta 25ean, Azkuna Zentroan bertan.

Irakurketa Erraza euskerazko irakurleei eskaintzeko programea desagertzeko arriskuan dago. Ez dago gogo faltarik, ezta irakurle faltarik be. Irakurketa errazerako egokitutako liburuak dira falta diranak, gitxiegi dagoz eta egitarauak aurrera segidu daian ez dira nahikoak. Hartara, bigarren eskuko azokan batutako diruagaz bultzadea emon nahi deutsie liburu barrien edizinoari.

Era berean, ekimen publiko horren bidez, argitaletxe eta idazleak animau nahi ditue, Irakurketa Errazeko euskerazko liburu eta materialak sortzen euren aletxua ipini deien. Erakunde publikoei be inpliketako eskatu deutsie programearen arduradunek.

Azkuna Zentroak, bestetik, nabarmendu dau azoka honen bidez indartu egingo dauela Irakurketa Errazaren alde egiten dauen apustua eta proiektuari emoten deutsan babesa. Gogoan izan behar da Irakurketa Erraza proiektuaren euskerazko adarrak hasieratik izan dauela Azkuna Zentroa bidelagun. Hainbat topaketa egin dira bertan, irakurle-taldeak antolatu izan ditue eta liburu batzuen argitalpenean be lagundu dau. Zentroaren mediatekan eskuragarri dagoz orain arte euskeraz plazaratu diran era horretako liburu guztiak.

Bigarren eskuko azokea eguerdiko 12:00etatik gaueko 21:00etara egongo da zabalik zapatuan eta domekan, Azkuna Zentroko Kulturen Atrioan. Liburuak eta ikus-entzunezko materiala salduko dabe gehienbat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu