Bizkaia-Bizkaialderen babespean 28 talde dabiz

Bizkaie! 2018-02-23 08:52   Kulturea

Ekitaldi jentetsua egin dabe Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan.

Eliteko kirolean dabizan klub bizkaitarrei laguntzeko sortu zan Bizkaia-Bizkaialde Fundazinoa 2000. urtean, erakunde publikoen eta enpresa pribaduen alkarlanari esker. Ibilbide luze et emonkorraren ostean, egitasmoa bizi-bizirik dagoala erakutsi dabe, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egindako topaketan ikusi danez. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao buru, proiektuaren babespeko 28 taldetako ordezkariak eta kirolariak alkartu dira.

2017-2018 denporaldian, 25 klubetako 28 talde babesten ditu Bizkaia-Bizkaialdek: 15 gizonezkoenak, 12 emakumezkoenak eta misto bat. Bizkaiko Foru Aldundiak nabarmendu dau emakume askori bultzadea emoten deutsiela, izan be, goi mailako kirolean gero eta emakume gehiago dabiz, baina era honetako laguntzinoak beharrezkoak ditue euren jardunari eusteko.

Bilboko ekitaldian, Lorea Bilbaok Fundazinoan dagozan entidadeak eta enpresak hartu ditu, baita Bizkaia Bizkaialde Fundazinoaren ekarpenak jasoten dituen klubetako kirolariak eta ordezkariak be. Bilbaok azpimarratu dauenez, Bizkaiko Foru Aldundian nahiko geunke proiektu hau hazten joatea, gero eta enpresa gehiago izatea proiektu honetako partaide, eta dagozanen inplikazinoa gero eta handiagoa izatea. Kultura diputaduak proiektu honen helburuak argi dagozala adierazo dau: lehia-maila gorenean sartzen eta bertan irauten laguntzea, beste modu baten hori egitea oso gatx daukien klub bizkaitarrei. Bizkaiko kirolak behar gaitu, talde-lanean segidu daigula behar dau.

Honeek dira 2017-2018 denporaldian Bizkaia-Bizkaialderen babesa daukien klubak: Sestao xake taldea, Bidezabal atletismo taldea, Santutxu atletismo taldea, Gernika KEBS saskibaloi taldea, Bidaideak BSR saskibaloi taldea, Zuazo eskubaloi taldea, San Inazio beisbol taldea, CDC Velodromo Duranguesado txirrindularitza taldea, Athletic Club emakumeen futbol taldea, Bilbao areto-futboleko taldea, Stilo Kirol Kluba areto-futboleko taldea, Sakoneta gimnastikako taldea, Gaztedi Sokatira herri-kirolen taldea, Jolaseta hockey taldea, Leioa Waterpolo ugerketa taldea, Getxo ugerketa taldea, Metropolitano patinaje taldea, Itsasoko Ama arraun alkartea, Kaiku arraun alkartea, Zierbena arraun alkartea, Bermeo arraun alkartea, Ondarroa arraun alkartea, Gernika errugbi taldea, Getxo errugbi taldea eta Urdaitri triatloi taldea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu