Zirgari Bardintasun Sarietako lau irabazleen barri emon dabe

Bizkaie! 2018-02-22 13:26   Kulturea

Adela Asua, Zinemakumeak Gara!, Mutualia eta Ahizta Oblatuak saritu ditue.

Adela Asua, Zirgari Saria irabazi dauenetako bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Emakumeen eta gizonen arteko bardintasunaren alde egindako lanagaitik nabarmendu diran norbanako eta taldeak saritzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k urtero antolatzen ditue Zirgari Sariak. 2018ko edizinoan lau irabazle egon dira, epaimahaiak ebatzitakoaren arabera: Adela Asua, Zinemakumeak Gara!, Mutualia eta Ahizta Oblatuak.

Sariak emoteko ekitaldia martiaren 7an egingo dabe Bilboko BBK Salan, arratsaldeko 18:30ean. Hortaz, Emakumearen Nazinoarteko Egunaren, martiaren 8aren, bezperan izango da ekitaldia. Irabazle bakotxak 6.000 euro jasoko ditu, ohorezko saridunak izan ezik, horrek ez dauelako sari ekonomikorik.

Edizino honetako sariak emoteaz arduratu dan epaimahaiaren burua Enplegua, Gizarte Inklusinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputadua, Teresa Laespada, izan da. Epaimahaiburuordea, aldiz, BBKren Gizarte Ekintza Arloko zuzendaria, Cristina Sansalvador. Horreez gan, epaimahaia emakume eta gizonen arteko bardintasunaren arloko zortzi adituk osotu dabe.

Sarion izenak zirgariek egiten eben lan gogorra ekarten dau gogora: emakume horreek itsasontziak atoian eroaten zituen itsasadarrean gora, eta, horretarako, euren indarra eta soka bat, zirga bat, besterik ez eben erabilten.

 

Honeek dira 2018ko sarituak:

- Ibilbide osoari saria: Adela Asua. Legelari eta katedraduna, Konstituzino Auzitegiko magistradua izan da 2010etik 2017ra bitartean, eta 2013an Konstituzino Auzitegiko zuzendariorde izentau eben. Organo horretan egon dan lehenengo euskal emakumea da. Zuzenbidearen alorrean emakumeek egindako ikerketa-lanen eta doktorego-tesien zuzendaritza eta babes lanetan aitzindari izan da.

- Emakumeakanako indarkeriaren kontrako burrukeari saria: Ahizta Oblatuak. Leiho Zabalik proiektuaren bitartez, emakumeen salerosketearen eta prostituzinoaren biktimei arretea emoten deutsie, ahulenak babestu eta horreei zerbitzua emoteko filosofian oinarrituta. Erlijino-ordena honek bardintasunerako bidean aurrera egiteko apustua egiten dau, errukiaren, alkartasunaren, poztasunaren eta dobakotasunaren printzipioetatik abiatuta.

- Ahalduntze eta balio aldaketarako saria: Zinemakumeak Gara!. Emakumeek zuzendutako zinema-erakusketa bat da, orain dala 22 urte sortua. Konpromiso politiko feministea dau oinarrian. Urterik urte, emakumeek zuzendutako film labur zein luzeak aurkezten deutsiez Bilboko ikusleei, areto komertzialetan eskaintzen diran filmeetan emakumeen presentzia txikia orekatzeko asmoz.

- Ohorezko saria: Mutualia. Bardintasunaren aldeko jarraibideak sartu ditu bere enpresa lerro estrategikoan, 2008an, lehenengo Bardintasun Plana onartu ebanetik. Urteetan zehar, enpreseak bardintasunaren eta dibersidadearen alorrean egindako lana sendotu dau eta kanpoko eragileek lan hori berretsi dabe: 2011n, Enpresearen Bardintasun Bereizgarria jaso eban Espainiako Bardintasun Ministerioaren eskutik. Bereizgarri hori beste hiru urtez barritu eban 2015. urtean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu