Flandrian sormena zelan bultzatzen daben azaldu dabe

Bizkaie! 2018-02-22 08:40   Kulturea

Bilbon egindako jardunaldian esperientziak partekatu ditue.

Argazkia: Irekia | Ikusi handiago | Argazki originala

Sormenaren sustapena Flandrian izeneko jardunaldia hartu dau Bilbok, Flandrian sormen kulturala zelan bultzatzen dan hemengo eragileei azaltzeko. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak azaldu dauenez, eremu estrategikoa da sormen industrien garapena eta, hortaz, besteen esperientzietatik ikasteko hitzordu aproposa izan da.

2015ean, Eusko Jaurlaritzeak eta Flandriako Gobernuak sinatutako lankidetza-akordioaren barruan antolatu dabe jardunaldia, eta bertan Flanders District of Creativity-ko (Flanders DC) ordezkariek hartu dabe parte. Flandriako Gobernuak enpresen eremuan sormena bultzatzeko sortutako erakundea da hori.

Jardunaldian, kultura eta sormen industrien alde egindako apustua azaldu dabe Flanders DCko arduradunek. Pascal Cools Flanders District of Creativity-ko zuzendariak eta Carlo Vuijlsteke sormen-distritua sareko koordinatzaileak Kultura eta Sormen Industriei lotutako sektoreetan barrikuntzea bultzatzeko tresnak ezagutzera emon ditue, baita programa zehatz batzuk be, diseinua, moda edo bideo-jokoen sektoreen ingurukoak.

Joxean Muñoz sailburordeak adierazo dauenez, garrantzi handiko apustua egiten dabil Jaurlaritzea sormen industrien alde: Flandria erreferentzia da eremu horretan. Jardunaldia esperientziak partekatzeko eta etorkizuneko lankidetzei bide emoteko baliogarria izan dala adierazo dau.

Beste alde batetik, Bilbon egiten dabizan egonaldian, bertoko sormenagaz lotutako azpiegitura ugari bisitauko ditue Flandriako ordezkariek: Azkuna Zentroa, Zorrotzaurreko ZWAP proiektua eta abar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu