AEBetan grabau dau Travellin Brothers-ek disko barria

Bizkaie! 2018-02-22 08:43   Musikea

13th Avenue South lanak hamar abesti dakarz.

Travellin Brothers seikotea | Ikusi handiago | Argazki originala

Lantzen dauen musika-estiloaren sorburura, Estadu Batuetako hegoaldera, jo dau Travellin Brothers talde bizkaitarrak disko barria grabau eta produziduten. Estadu Batuetako musikearen uriburua da Nashville, Tennessee estaduan, eta hango Alex The Great Recording eta Yes Master estudioetan ibili dira. Emoitzea, 13th Avenue South da, Magnolia Records zigilupean argitaratua. Blues estiloa da bizkaitarren bereizgarria eta horretan sakondu nahi izan dabe disko berezi honetako kantuetan, Bilbon egindako aurkezpenean adierazo dabenez.

Euren nortasunean sakontzeko lan horretan, soinu barriak probetako aukerea izan dabe eta, horregaitik, 13th Avenue South aurrekoak baino disko zabalagoa eta anitzagoa dala uste dabe. Nashvilleko egonaldiak bluesaren eta Estadu Batuen hegoaldeko musika tradizionalaren zuztarretara hurreratzen lagundu deutse.

Blues oinarri horren ganean, soul, swing, jazz eta folk zertzeladak topauko ditu entzuleak. Travellin Brothersen diskorik onena dala ziurtatu dabe taldekideek.

Hamar kantu dakarz lanak, horreetatik bederatzi, barriak; hamargarrena, ostera, Robert Johnson-i egindako omenaldia da. Kolaboratzaileen artean egon dira Alex Schultz gitarra-jolea, Steve Conn akordeoilaria, Brad Jones harmonika-jolea eta Earl Thomas abeslaria.

13th Avenue South zuzenean aurkezteko birea zapatuan, zezeilaren 24an, hasiko dabe, Getxon, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Sarrera guztiak salduta dagoz. Taldeak emongo deutso amaierea Neguko Bidaia kontzertu didaktikoen zikloari, 19:30ean, Ondoren, hara eta hona ibiliko da Leioako seikotea, dagoeneko 15 kontzertu inguru daukiez adostuta, tartean apirilaren 20an, Bilboko Kafe Antzokian joko dabena.

Dagoeneko 14 urte baino gehiago daroez lanean eta goranzko bidean doaz eten barik: Bruselako European Blues Challenge irabazi eben (Europako talderik onena) eta Memphiseko International Blues Challenge-ko finalistak izan ziran.

Taldeak egindako ibilbidearen erakusgarri dira bere zazpi diskoak eta eskainitako 900 kontzertu baino gehiago. Besteak beste, honako honeekaz ibili dira agertokian: John Mayall, Canned Heat, Ike Turner, Jethro Tull, Johnny Winter, Bobby McFerrin, Robert Plant, Dr. Feelgood eta abar. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu