Euskal galeria bakarra ARCOn

Bizkaie! 2018-02-21 09:48   Kulturea

ARCO, Madrilgo arte-azoka entzutetsuan Carreras Múgica bilbotarrak parte hartuko dau.

Azokearen aurreko edizino bateko ikuspegia (argazkia: Ifema) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtero legez, euskal arteak lekua izango dau artearen munduko topaleku garrantzitsuenetakoa dan ARCO azokan, Madrilen. Dana dala, aurten euskal galeria bakarrak parte hartuko dau, Bilboko Carreras Múgicak hain zuzen.

Euskal artearen bildumetako artelan esanguratsuak eroan ditue Madrilera Carreras Múgicakoek. Batetik, Eduardo Chillidaren 1950eko hamarkadako obra baliotsu batzuk ipini ditue euren erakusmahaian. Bestetik, Itziar Okariz, Pello Irazu, June Crespo, Jon Mikel Euba, Erlea Maneros, Raul Dominguez eta beste batzuen artelan barriagoak be eroan ditue Madrilera. Beraz, hainbat belaunalditako artisten obrak izango dira ikusgai.

Gaurtik domekara bitartean egingo dabe ARCO arte garaikidearen azokea, eta 29 herrialdetako 208 galeria egongo dira bertan. Gaur egungo artearen jokera barrienak ezagutzeko eta artearen arloko profesionalen arteko hartu-emonak estutzeko hitzordu garrantzitsua da ARCO. Han batzen dira galeristak, komisarioak, artistak eta arloko profesionalak.

Mundu guztiko ordezkaritza horren barruan, euskal arteak eta galeriek beti izan dabe lekua. Dana dala, krisi ekonomikoaren eraginez, azken urteetan nabarmen apaldu da ARCOra joaten diran euskal galerien kopurua. Izan be, nazinoarteko merkaduan euren burua kokatzeko hitzordua da Madrilgoa, baina ahalegin ekonomiko handia be bada han egotea. Orain dala urte gitxi, dozena erdi galeria inguru joaten ziran Madrilera eta aurten Carreras Múgica izango da ordezkari bakarra.

Dana dala, euskal sortzaileen lanak kanpoko beste galeria batzuen erakusmahaietan be ikusi ahal izango dira.

Beste alde batetik, ARCOren aurtengo edizinoa polemika eta guzti hasi da. Santiago Sierra artisteak preso politikoen inguruan egindako obrea erakusketatik kentzea erabagi dau haren galeristeak, azokako antolatzaileek holan eskatuta. Arrazoi politikoakaitik Espainian preso dagozan personen erretratuak agiri dira obran, tartean Altsasuko gazteenak eta politikari katalan batzuenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu