Lau eguneko musika jaialdia Bilboko Kafe Antzokian

Bizkaie! 2018-02-21 08:19   Musikea

Martiaren 28tik 31ra egingo dabe III. Basque Fest Rock City.

Hitzordu bakarra, edegia eta nazinoartekoa izatea da Bilboko Kafe Antzokiak martiaren amaieran hartuko dauen jaialdiaren asmoa, antolatzaileek jakitera emon dabenez. Hirugarrenez antolatu dabe Basque Fest Rock City, Aste Santuan. Lau egunez, gehienbat bertoko bandek osotutako egitarau musikal zabalaz disfrutau ahal izango dabe Kafe Antzokira hurreratzen diranek, doban. Aforoa bete arte libre izango da sartzea.

Rythm & Blues, rock, pop eta antzeko estiloetara jo dabe antolatzaileek. Era horretara, lehenengo egunean, martiaren 28an, Moonshakers eta Free The Wheel taldeek joko dabe, biak be bizkaitarrak. Hil horren 29an, hiru bandaren txandea izango da: The Northagirres gipuzkoarrak, Mocker's bizkaitarrak eta Kaskezur nafarrak.

Martiaren 30ean, Yellow Big Machine, Lukiek eta TOC egongo dira oholtzan. Izen arraroak gorabehera, honeek be danak dira bizkaitarrak. Amaitzeko, hilaren 31n, The Excitements katalanek eta The Allnighters arabarrek joko dabe.

Kafe Antzokiko arduradunek azaldu dabenez, egun bakotxean 21:30ean zabalduko ditue ateak eta 22:00etan hasiko dira kontzertuak. Behin emonaldiak amaituta, goizaldeko 06:00ak arte egon ahal izango da antzokian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu