Mikel Gorosabelek ekingo deutse 'Saio Linbikoak' topaketei

Bizkaie! 2018-02-20 09:48   Kulturea

Literaturea, musikea eta emozinoak bateratuz, lau topaketa atondu ditue bihartik aurrera Bilbon.

Mikel Gorosabel 'Norton' | Ikusi handiago | Argazki originala

Bidebarrieta Kulturguneak, literatureari, musikeari eta emozinoei buruzko lau topaketetatik lehenengoa jasoko dau bihar, hilak 21. Saio Linbikoak izenburupean, helburua da musikearen bitartez ikus-entzuleak liburutegietara erakartea. Mikel Gorosabel Norton musikariak emongo deutso hasierea zikloari. Saioa euskeraz izango da.

Bilboko Udalak adierazo dauenez, formatu akustikoan izango diran emonaldi guztiek antzeko formatua izango dabe, hau da, artisteak sei kanta eskainiko ditu, izakiaren lehen mailako sei emozino gogoratzeko asmoz: poza, tristurea, amorrua, bildurra, ezustea eta nazkea. Horrezaz gan, artisteak bere ibilbide personalean edota profesionalean erreferentziatzat izan dituan idazleak, liburuak, diskoak… be aitatuko ditu, ikus-entzuleak musikatik kulturara eta literaturara hurreratzeko.

Holan, gonbidatu bakotxak, berak aukeratutako liburuak eta diskoak aitatuko ditu ekitaldian zehar, ikus-entzuleakaz alkarrekintzan ibili ahal izateko.

Mikel Gorosabel musikari eibartarra EH Sukarra, Lorelei eta Norton Klub taldeen sortzailea da eta orain dala gitxi Barne Basoan Barna izeneko bakarkako diskoa kaleratu dau, azken urte bietan idatzitako abestiak batzen dituana.

Topaketa honeetako lau saioak arrastiko 19:30ean hasiko dira, sarrera librea izango da aretoko leku guztiak bete arte eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu