Egoibarra.eus barriztauta dator 16. urteurrenean

Bizkaie! 2018-02-20 08:30   Kulturea

Eibarko memoria historikoa batzen dau webgune horrek.

Egoibarran ikusgai dagozan argazkietako bat. Hau Bolumburu fondokoa da. | Ikusi handiago | Argazki originala

2002an sortu zan Egoibarra ataria, Eibarko historia eta gomutak batzeko asmoz. Harrezkero asko aldatu dira internet, erabiltzaileen ohiturak eta baliabide teknologikoak eta, hartara, diseinua goitik behera aldatu dabe webgunearen arduradunek, CodeSyntax enpresearen laguntzinoagaz. Orain arteko eduki guztiei eutsi deutsie, baina itxura modernoagoa eta erabilten errazagoa da. Azpiegitura teknikoan be egokitzapen eta barrikuntza txiki batzuk egin ditue.

Egoibarra-eus-en arduradunek azpimarratu dabenez, garrantzi berezia emon deutsie webguneak gordeten dauen material grafikoa eta argazki zaharrak modu egokian erakusteari; gehienak funts pribaduetakoak dira, webean aterateko partikularrek itxitakoak: Bolumburu argazki-funts handia, gerrako umeena, txirrindularitzakoa...

Horrezaz gan, egokitzapenak egin ditue informazinoa eskuko telefonoan erosotasunez ikusteko, jakinik bisitarien erdia baino gehiago (% 58 azken hilabetean) gailu mobikorretatik sartzen dala Egoibarra.eus-en. 2002an sortu zanean pentsau ezina zan gaur egungo telefonoek horren aukera zabalak emongo zituenik, eta beraz beharrezkoa izan da holako egokitzapen bat.

Atal nagusiek —Eibar, Argitalpenak, Eibartarrak, Argazkiak, Albisteak eta Batzordea— hainbat azpiatal ditue; berbarako, Eibar atalaren barruan, Eibarko mugarriak, Historia, Baserriak eta auzoak, Ibilbideak, Eraikuntza eta monumentu nagusiak, Gastronomia, Lanbideak, Kale-izenak, eta musika-piezak dagoz. Argitalpenak izeneko atalak ondokoak hartzen ditu: Eibarko liburuak, eta kitto aldizkariaren ale zaharrak, Eibar Revista, Goi-Argi aldizkaria, Eibarko idazlanen datu-basea, Bideoak, Txostenak eta dokumentuak, EXFIBAR eta Kulturako egitarau guztiak.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu