Bertsolari Txapelketa Nagusiak emondakoa, liburu eta CDan

Bizkaie! 2018-02-16 08:32   Bertsolaritzea

Saio guztietako transkripzinoak, doinuen azterketea, adituen analisiak eta abar dakarz lan horrek.

2017ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusiak emondako guztia luze eta sakon batzen dauen bildumea plazaratu dabe Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak eta Lankuk. Danetara, 492 orrialdeko liburu potoloa eta CDa dakarz lanak, eta txapelketeak emon dauena argitalpen bakarrean batzea izan da asmoa.

Irailetik abendura, 14 saio izan zituan txapelketeak, final lauren, finalaurreko eta finaletan banatuta. Bertsozaleak saio guztien kronika bana eta bertsolariek botatako bertsoen transkripzinoa zein grabazinoa topauko ditu argitalpen barrian. Ia 200 bertsoaldi eta 700 bertso dira.

Material osogarrien aldetik be, oparo dator argitalpena: Batetik, argazkiz jantzi dabe eta, bestetik, bertsoaldietan erabilitako doinuen azterketea, sailkapena eta partiturak dakarz. Bertso-doinuetan adituak diran Martin Aramendi eta Juanito Dorronsoro ibili dira horretan, eta partiturak Miren Izagirrek atondu ditu.

Hori gitxi ez, eta alor askotako adituen analisi sakonak be sartu ditue, bakotxak bere ikuspegitik, txapelketeak emondako hainbat alderdi jorratu ditue, besteak beste, Uxue Alberdi, Lorea Agirre, Arantxa Urretabizkaia, Ane Labaka, Eñaut Agirre, Josu Goikoetxea, Harkaitz Cano, Ainhoa Agirreazaldegi eta Endika Gutierrez Invert raperoa ibiili dira analisiak idazten. Kanpotik, Karin Barber antropologo amerikarra eta Mateu Matas inprobisatzaile katalana ibili dira eretxia emoten.

Liburua biribiltzeko, eranskina dago. Bertan, txapelketako datu guztiak (parte-hartzaileak, ariketak, sailkapenak...) eta txapelketearen historia laburtua topauko ditu zaleak. Liburua eta CDa Bertsozale Alkartearen zein Lankuren bidez eskuratu leiteke, 30 euroko prezioan. Alkarteko bazkideentzat merkeagoa da, 25 euro.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu