Bilbao Distrito Jazz barikuan abiatuko da

Bizkaie! 2018-02-14 10:28   Musikea

Voro García Quartet eta S.O.S. Travelling Van taldeak izango dira, besteak beste, zikloan.

Bariku honetan, hilaren 16an, emongo deutsie hasierea Bilbao Distrito Jazz Zikloari. Bilboko Udalak dinoenez, urian denpora gehien daroan musika programetako bat da, izan be, aurten 19. edizinoa da. Ekimenak auzoetara formatu txikiko dobako kontzertuak hurreratzea dau helburu, nazino eta nazinoarte mailan erreferentzia diran artistakaz eta jazzean etorkizun handia daben bertako sortzaileei lekua be eskainiz.

Oraingo honetan, sei emonaldi iragarri ditue, martiaren 23ra arteko bariku guztietan, Voro García Quartet, Albert Sanz & Javier Colina, S.O.S. Travelling Van, Dimitry Baevsky Quartet, Eva Romero & Ramón Cardo eta Aritza Castro Quartet taldeakaz. Kontzertuak udaltegietan, Bidebarrietako Liburutegian eta Sarrikoko Juan Crisostomo Arriaga Musika Konserbatorioan izango dira, besteak beste. Emonaldiak 19:30ean hasiko dira, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

Kontuak kontu, bariku honetako emonaldia Errekaldeko Udaltegian izango da Voro García Quartet-taldeagaz; Voro García Valentziako tronpeta joleak goi mailako laukotea aurkeztuko dau, Enrique Oliver saxofonisteagaz.

Zezeilaren 23an, Juan Crisostomo Arriaga Musika Konserbatorioak Albert Sanz & Javier Colinaren emonaldia jasoko dau. Musikari horreek biek bikote moduan asmau egin dabe, euren musikaltasuna hobeto adierazoteko orduan. Hainbat urtez alkarregaz joten ibili ondoren, Na Carreira proiektua aurkeztuko dabe ikus-entzuleen aurrean.

Martiaren 2an, Otxarkoagako Udaltegiak S.O.S Travelling Van taldearen ikuskizuna hartuko dau. Bilbaina Jazz Club Kultur Alkarteari laguntzen deutson taldea lau musikari garrantzitsuk osotuten dabe, jazzaren eszena barrian oso ezagunak: Felix Rossy tronpeta jole katalan gaztea, Jaume Llombart gitarra jolea, Carlos López batería jolea eta Jordi Matas baxu jolea, hain zuzen.

Martiaren 9an, kontzertuaren agertokia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoa izango da; New Yorketik Dmitry Baevsky helduko da Bilbora, bere jaioterriko, San Petersburgo, Konserbatorioko Gennady Goldstein maisuagaz.

Tokiko ikutua, barriz, Aritza Castro Quartet taldeak jarriko dau edizino honetan, martiaren 16an, Begoñako Udaltegian. Aritza Castro (Barakaldo, 1983) bateria jolea gure harrobian ospea lortzen dabilen artistea da, eta bere konposizinoak eskainiko dituan laukote proiektua aurkeztuko dau. Beste egitasmo askotan ibili ondoren, bere lana osotuteko beharra sentidu eban, bere esperientzietatik sortutako musikea, egitasmoa osotuten daben kide bakotxaren adierazpen askatasuna agirian lagaten dauena. Azken emoitzea soinu freskoa da. Taldea Roberto Nievak (saxo altua), David Ruizek (kontrabaxua) eta teklatuakaz dabilen Juan Sebastián Barratxinak osotuten dabe.

Bilbao Distrito Jazz ekimenaren 19. edizinoa zarratzea Eva Romero & Ramón Cardo Trío taldeari jagoko. Billie Holidayri eskainitako omenaldi ekitaldia martiaren 23an izango da, Bilboko Club Deportivon. Mundu osoan Billie Holiday ezizenez ezaguna izandako Eleanora Fagan Gough abeslari estadubatuarraren jaiotzearen mendeurrenagaz bat etorriz, Eva Romerok eta Ramón Cardo maisu historikoaren hirukoteak egitasmoa sortu dabe, artista horren ezagutzea zabaltzeko, haren bizitzako jazoera eta gorabeheren kontakizunaren bitartez, abesti enblematikoenen eta hain entzunak ez diran beste batzuen bilduma bikainagaz. Eva Romerok abesteko orduan dituan ezaugarriek saio honetarako interprete parebako bilakatzen dabe.

Bilbao Distrito Jazz Bilboko Udaleko Kultura Sailaren ekimena da, eta hainbat helburu ditu, besteak beste, ikus-entzule askorik ez dauen musika genero hori uriko auzoetara zabaltzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu