Mendi Tourrek lau eguneko geldialdia egingo dau Gasteizen

Bizkaie! 2018-02-14 08:21   Zinemea

Zezeilaren 19an, 21ean, 22an eta 23an bederatzi film proiektauko ditue.

Mendi Tour ekimenari esker, X. Bilbao Mendi Film Festivaleko pelikula nabarmenenetako batzuk Gasteizen ikusi ahal izango dira, Vital Fundazinoagaz batera antolatutako lau eguneko zikloan. Mendi Tour Vital dalakoa zezeilaren 19an, 21ean, 22an eta 23an izango da, Arabako uriburuko Vital Fundazinoaren Aretoan, 1. solairuan. Jabier Baraiazarra Mendi Film Festivalaren zuzendariak eta Josune Albizu Vital Fundazioaren zuzendariak emon dabe aurtengo edizinoaren barri.

Aurkezpenean aurreratu dabenez, Mendi Tour Vitalen bederatzi film eskainiko ditue, X. Bilbao Mendi Film Festivaleko onenetakoak. Saio bikotxean emongo ditue pelikula guztiak, beraz, 18:00etan eta 20:00etan ikusi ahal izango dira. Egitarauan sartu ditue Bilbon gehien txalotutako pelikuletako bi: batetik, Dirtbag: the Legend of Fred Beckey irabazle nagusia eta, bestetik, Epaimahaiaren Aitamen Berezia jasotako Mountain.

Hain zuzen be, lehenengo egunean, hilaren 19an, Mountain ikusi ahal izango da, baita The Frozen Road be, Zuzendari Onenaren Saria irabazi eban Ben Page-k zuzendua. Ondoren, egun bateko deskantsua hartu eta 21ean bueltauko dira proiekzinoak: The Last Honey Hunter (Natura arloko Film Onena) eta Al otro lado de la cuerda.

Hilaren 22an, Dirtbag: The Legend of Fred Beckey eta The Time Within emongo ditue. Amaitzeko, 23an, hiru film ikusgai: Bonington: Mountaineer (Mendiko Film Onenaren irabazlea), Aurrera eta Where The Wild Things Play. Sarrerak salgai dagoz, 5 euroan saio bakotxa.

Era berean, Vital Fundazinoaren babesari esker, Mendi Tour zikloa Arabako beste herri bitara be helduko da. Martiaren 7an, Agurainen ikusi ahal izango dira Mendi Film Festivaleko pelikulak eta 8an, Amurrion. Kasu bietan, 19:00etan hasiko da sesino bakarra, eta lau film proiektauko ditue: The Last Honey Hunter, Aurrera, The Frozen Road eta Safety Third.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu