Martxan da Iurretako XV. Literatura Lehiaketea

Bizkaie! 2018-02-13 13:24   Kulturea

Ipuinen, bertso-papelen eta komikien atalak ditu.

Edade guztietako jentearen artean sormen literarioa bultzatzea da Iurretako Udalaren asmoa eta, hartara, beste urte batez antolatu dau Literatura Lehiaketea. Ume, gazte zein helduentzako atalak ditu eta, ganera, literatureak genero asko daukazanez, ipuinak, bertso-papelak zein komikiak aurkeztu ahal izango ditue parte-hartzaileek. Edade eta genero bakotxerako sariak egongo dira.

Gaur bertan, zezeilak 13, zabaldu dau Udalak lanak bialtzeko epea eta hilaren 28ra arte izango da. Herritarren Arreta Zerbitzuan, Iurretako Herri Liburutegian zein lehiaketa@iurreta.eus helbidean entregau leitekez lan literarioak.

Ipuinen lehiaketan sei urtetik aurrerako neska-mutilek parte hartu ahal izango dabe. Lehen Hezkuntzan edadearen araberako hiru kategoria egongo dira, DBHn bi, Batxilergoan bakarra eta hortik gorakoentzat helduen kategoria ipini dabe. Txikienen kasuan, liburuak emongo deutsiez irabazleei eta 11 urtetik aurrerakoei, diru-bonoak.

Bertso-papelen eta komikien atalak be antzera dagoz banatuta edadeka, baina zortzi urtetik aurrerakoek parte hartu leikie. Sariak be parekoak dira.

Ipuin, komiki zein bertsoak euskeraz izan beharko dira (helduen kategorian gaztelaniaz izan leitekez), eta gaia librea da.

Iurretan erroldatuta dagozanentzat edo bertako ikastetxeren baten ikasten dabizanentzako lehiaketea da hau, 18 urtetik beherakoen kasuan. Dana dala, bertso-papelen atalean, Durangalde guztikoak onartuko ditue. Helduen kategorian, iurretarrak zein kanpokoak aurkeztu leitekez.

Lan irabazle guztiak liburu baten batuko dituala aurreratu dau Iurretako Udalak.

Oinarriak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu