Asiako Uber-ak

Zigor Aldama 2018-02-13 10:18   Bidaide

Uberrek egin dauenaren kontra, hainbat aplikazino Asiako beharretara egokitu dira.

Bangaloreren kanpoaldeko bigarren mailako errepide baten gagoz, India hegoaldean. Ezebezaren erdian gagozala esatea ez litzateke larregi esatea. Eta arazoa da urira bizkor joan nahi dogula. Ez da ezer pasetan, Ola bati deitu eta listo, dino gure itzultzaile Ashutosh-ek. Zer?. Ola Uber-en Indiako baliokidea da. Eta askoz hobeto dabil, ziurtatu dau gure lagun indiarrak, eskuko telefonoa desblokeau eta aplikazinoa edegiten dauen bitartean. Enpresa amerikarraren moduan, Ola-k Google Maps eta GPSa erabilten ditu erabiltzailea eta hur dagozan ibilgailuak lokalizetako.

Baina, Uber-ek egin dauenaren kontra, Ola Gandhiren herrialdearen beharretara egokitu da eta aukera benetan zabala eskaintzen dau: autoetatik hasi -lujozko sedaneak, SUVak, monobolumenak, auto txikiak eta taxiak- eta hiru erruberadun ibilgailu -autorickshaw izenekoak-, gurdi elektriko eta motoetara. Eta abenduan OlaPedal ipini eban martxan, unibersidadeetako kanpusetan bizikletak alokatzeko zerbitzua. Uber-ek autoak baino ez ditu eta jente gehienak Ola nahiago dauenez, eurentzat gidari gitxiago dagoz beharrean, azaldu deusku Ashutoshek. Tata Indigo zuri dotore batek hartu gaitu bost minutu geroago. Bidaiaren amaieran, aplikazinoak prezioa kalkulau dau eta eskudirutan pagau dogu. Eskudirua da Indiako erregea, baina Ola-k diruzorro elektronikoa be badau.

Aplikazinoa deskargau eta hurrengo egunetan ikusi dogu baietz, Indiako startup horrek -gaur egun 5.000 miloe dolar baino gehiago balio dau- Uber-ek baino ibilgailu gehiago dituala. Ganera, Ola Select izeneko programeari esker, hilean 500 errupia (6,5 euro) pagauta ohiko erabiltzaileek ez dabe tarifa gehigarririk pagau behar ordu jentetsuenetan, sedan baten joan leitekez miniaren prezioan, lehentasuna daukie eskarietan, dobako wifia be bai, eta aireportuetako VIP aretoetan sartu leitekez.

Baina, beste herrialde batzuetan Uber-egaz jazoten dan legez, Ola-ren inguruan be badago polemikea. Bere nagusitasuna erabilita gehiegikeriak egitea leporatu deutsie eta, Espainiako taxiek egin daben moduan, hiru erruberako motorren gidariek hileak daroez protestan, Ola-ren zerbitzuak guztiz debekatu daitezan. Halandabe, erabiltzaileak pozarren dagozala emoten dau. Uste dot oso praktikoa dala. Ganera, taxietan baino seguruago sentiduten naz, beti dakigulako nor dan gidaria, azaldu dau Delhiko gazte batek, Sharmak.

Indarkeria sexualaren inguruko bildurra handitu egin da Gandhiren herrialdean eta Ola-k emakumeen konfiantzea irabazi nahi dau, autoetan ikarearen botoiak ipinita, mehatxatuta sentidu orduko erabili deiezan. Merkeagoa be bada, taxi gidari gehienek ez dabelako taximetrorik ipini nahi eta, ondorioz, prezioa igoten dabe, azpimarratu dau. Uber-ek zerbitzu gitxiago ditu eta, hortaz, ez dot horrenbeste erabilten, prezioak pixka bat merkeagoak izan arren.

Filipinetan lur hartu eta berehala, deigarria da aireportuaren heldueren eremuan ilara bi dagozala: Bata taxientzat, bestea Grab-entzat. Azken horretan dago jente gehien. Asia hego-ekialdean arrakastea topau dauen Singapurreko aplikazino horren ibilgailuen zain, bidaiariak pilotuta dagoz, euren smartphoneei begira. Autoak pixkanaka heltzen dira, horregaitik erabiltzaileak matrikulei begira dagoz, eurena zein dan jakiteko.

Uber-ek egiten dauenaren kontra, Grab-ek aurretiaz ezarten dau, erreserbea egiterakoan, erabiltzaileak pagauko dauen prezioa. Aireportuan aplikazinoa bajau eta lehenengoz igon gara euren auto baten. Handik Manila erdigunera 358 peso dira (sei euro). Ez deutso ardura zenbat denpora egin behar dan uriburuko trafiko gogaikarrian sartuta. Hori bai, prezioa eskariaren arabera aldatzen da, jente gehien pilatzen dan orduetan pare bat euro egin leike gora. Baina eskaria egin eta gero ez da aldatzen. Dirutan ordaintzen da, edozein kreditu-txarteletara lotu leiteken Grab Pay diruzorro elektronikoaren bidez.

Kasu honetan, ibilgailu klase bi baino ez dagoz aukeran: Arruntak -gehienbat Toyotak- eta premium, hau garestiagoa. Bidaia partekatu leiteke GrabShare-ren bidez (% 30 merkeago), eta enpreseak agintzen dau geldialdi bat baino gehiago ez dala egongo eta gehienez hiru minutukoa izango dala. Manilatik Caloocan Cityra bitarteko bidaia baten probau dogu eta agindutakoa bete dabe.

Modu alternatiboan, Grab-egaz taximetrodun ohiko taxiak be eskatu leitekez, MyTaxi aplikazinoak egiten dauen legez. Kasu horretan, azken prezioa ze kopururen artean egongo dan erakusten dau Grab-ek. Batzuetan, ibilgailu pribaduak merkeagoak dira. Beste kasu batzuetan, batez be, pilaketa orduetan, taxia merkeagoa da. Kasu bietan, segurtasunaren sensazinoa handitu aldera, aplikazinotik bertatik lagunei edo senideei emon ahal jakez bidaiearen datu guztiak. Asiako lehiakideek lehenago egindako moduan, orain Uber-ek be sartu dau zerbitzu hori. Onena da komenidu jatzuna aukeratu zeinkela, azaldu deusku Andresek, taxia ala ibilgailu pribadua nahiago dogun galdetzen deuskun bitartean. Beti dagoz baten batzuk hur.

Azkenik, Grab-ek bere eskaintzan sartu dau GrabExpress, paketeak eta errekaduak jasoteko zerbitzua. Edozer izan leiteke, agiri eta erosketetatik hasita, jatekoa be bai -UberEats-ek egiten dauen legez-. Konpainiaren motor-gidariek esandako lekuan jasoten dabe erabiltzaileak agindutakoa, eta harek eskatutako lekura eroaten dabe. Bialketa bakotxak gehienezko 34 euroko asegurua dau eta non dagoan denpora errealean begiratu leiteke aplikazinoko mapan. Manila eta Cebuko trafiko ikaragarria kontuan hartuta, zerbitzu hau gozagarria da.

Duda barik, Uber-ek Asian lekua egiteko daukazan arazoak garbien ikusten diran lekua Txina da. Are gehiago, Asiako erraldoian Uber desagertuta dago, bertako kopia, Didi Chuxing, goitik behera nagusitu jakolako. Mila miloe euro pagau zituan amerikarren operazinoen truke eta, zerbitzuari eutsiko eutsala agindu arren, egia esan Uber-ek Txinan dituan ibilgailuak askoz gitxiago dira orain. Mendebaldeko merkaduen aldean oso desbardinak diranetara egokitzeko Uber-ek daukazan zailtasunen adibide ona da.

Didi-ren abantaila handienetako bat da, aplikazinoa bajatzea be ez dala behar erabilteko. Alipay-ren -mobilaren bidezko ordainketen zerbitzu handiena Txinan- eta WeChat-en -berehalako mezularitzearen aplikazinorik handiena, 900 miloe erabiltzaile- superapp-etan dago sartuta. Ganera, Grab-en kasuan legez, taxi ofizialak zein ibilgailu pribaduak eskatzeko balio dau. Azken kategoria horretan, era elektronikoan baino ezin da pagau -eta aplikazinoak prezioaren gitxi gorabeherako kalkulua egiten dau-, baina taxietan eskudirutan zein online pagau daiteke.

Beste zerbitzu interesgarri batzuk be baditu, esaterako, bidaiariak hartzekoa. Guk sarri erabilten dogu atzerritik bisitariren bat jatorkunean baina ezin dogunean guk geuk aireportura joan haren bila. Aplikazinoari hegaldiaren zenbakia emon eta uniformedun gazte bat aireportura joaten da, bidaiaria garajera eroateko, han autoa hartzeko. Taxia baino % 30 karuagoa da, baina erosoa, aireportuetako ilara luze-luzeak kontuan hartuta.

Azkenik, Didi-k asmau ez dauen arren, enpresa txinatar horrek bere katalogoan sartu dau auto bako gidarien alokairua. Patin elektriko baten joaten dira erabiltzaileari laguntzen, edariz betetako afari baten ondoren edo jairik jai ibili eta gero honek ezin dauenean bere autoa gidatu. Aplikazinoak bialdutako gidariek segurtasunez gidatzen dabe eta, bezeroaren autoa ondo aparkauta itxi eta euren kabuz joaten dira. Ez da zerbitzu merkea, baina isunak garestiagoak dira.

Dana dala, Didi-ren ugaritzeak eta merkaduan dauen nagusitasunak eragin desatsegin bat dakar: Gero eta gatxagoa da taxi bat topetea Shanghain. Izan be, hasieran aplikazinoak erabiltzaileei gehigarriak eskaintzen eutsezan -adibidez, deskontuak-, baina orain kontrakoa pasetan da: Erabiltzaileak eskaini behar dau gehigarri bat, ordu jentetsuenetan gidari bat bere bila etorri daiten. Ibilgailu pribaduen kasuan hori ez da arazoa, baina traba handia da taxien kasuan, araututa dagoan zerbitzu publikoa diran ezkero.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu