Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sariko hautagaiak aurkezteko epea zabalik
2018-02-12 13:24 KultureaHumanidade, kultura, arte eta zientzien arloan dabizanen ibilbideak nabarmentzen ditu sariak.
Martiaren 25era arte, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sarirako hautagaiak aurkezteko epea zabalik egongo dala jakineragin dabe antolatzaileek. Sarien baldintzetan agiri danez, Humanidade, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien alorrean jardunean dagozan persona entzutetsuek dabe saria irabazteko aukerea.
Hautagaiak berak edo unibersidade, zientzia eta kultura erakundeek aurkeztu ahal izango ditue proposamenak, kontuan harturik hautagaiak bere obra osoaren bidez Euskal Herriko garapen kulturalari modu eraginkorrean lagundu behar izan deutsala. Kontuak kontu, 20.000 euroko sari bakarra emongo dabe.
Euskal Herrian egoitzea daben zazpi unibersidadeetako errektoreak egongo dira epaimahaian, ahalik eta erabagi zorrotzena eta objektiboena izan daiten. Ganera, Eusko Ikaskuntzako eta Laboral Kutxako lehendakariak be epaimahaikide izango dira. Maiatzean emongo dabe erabagiaren barri eta saria banatzeko ekitaldia udan izango da.
Eusko Ikaskuntzak nabarmendu dauenez, honako hau prestigio handienetakoa dauen saria da Euskal Herrian gaur egun. Lorpen zehatzak baino, ibilbide osoak, edo curriculumak, saritzen ditue urteroko sariketa honetan, euskal kultureari, gizarteari eta jakintzeari egindako ekarpenaren arabera. Sarituen bikaintasuna nabarmentzea da helburua.
1995ean emon eben lehenengoz Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria. Azken urteotan honeek izan dira irabazleak: Montxo Armendáriz (2017), Javier Echeverría Ezponda (2016), Juan José Álvarez Rubio (2015), Mariasun Landa eta Jean-Baptiste Orpustan (2014), Mari Carmen Gallastegui eta Francisco Etxeberria (2013), Joxe Azurmendi (2012), Maria Bayo (2011), Joxerramon Bengoetxea (2010), Javier Elzo (2009), Daniel Innerarity (2008), Gregorio Monreal (2007), Maite Lafourcade (2006) eta Nestor Basterretxea (2005).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!