Euskerazko bideo laburren Thinking Football abian da

Bizkaie! 2018-02-09 10:24   Zinemea

Futbola gogoan da gaia eta bagilaren 11ra arteko epea dago proiektuak aurkezteko.

Athletic Club Fundazinoak, Loraldiak eta Euskaltelek bigarren aldiz antolatu dabe Thinking Football ikus-entzunezkoen lehiaketea, igazko erantzun ona ikusita. Futbola ardatz daben euskerazko bideo laburren egitasmoak bialtzeko deia egin deutsie sortzaileei. Dokumentalak, bideo-artea, animazinoa eta bestelakoak onartuko ditue. 

Aurretik argitaratu bako proiektuek parte hartu leikie, eta edozein generotako filmak izan leitekez, futbola gogoan gai nagusiagaz bat egiten badabe. Proiektua idatziz aurkeztu behar da, ahal danik eta zehaztasun gehien emonaz: idea nagusia, aurrekontua, esperientzia, erreferentziak eta autoreek garrantzitsutzat daukien beste edozein datu (esaterako, marrazkiak eta story-boardak).

Lanak bialtzeko epea zabalik dago, bagilaren 11ra arte. Nahi dauenak parte hartu leike (banaka zein taldeka), antolatzaileek honako deialdia egin dabe: Futbol zalea bazara edo ikus-entzunezko idea bat badaukazu gai honen inguruan, animau eta parte hartu!

Irabazle bakarra aukeratuko dabe antolatzaileek eta bere ikus-entzunezko proiektua garatzeko laguntzinoa emongo deutso Euskaltelek. Originaltasuna, sormena eta bideragarritasuna balorauko ditue, baita futbolaren bidez proiektuak transmitiduten dituan baloreak be. Ganera, 2019ko Thinking Football eta Loraldia festibaletan proiektauko dabe bideoa, behin amaituta dagoala.

Euskerazko bideo-sormena bultzatzea da lehiaketearen helburu nagusia. Athletic Club Fundazinoak urtero antolatzen dauen Thinking Football ikus-entzunezkoen nazinoarteko jaialdiagaz lotuta dago lehiaketea. Hain zuzen be, jaialdi horren seigarren edizinoa martiaren 5etik 20ra bitartean egingo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu