Ikutu britainiarra dakar 2018ko Thinking Football-ek

Bizkaie! 2018-02-02 08:17   Zinemea

Martiaren 5etik 20ra egingo dabe, Bilbon, Athletic Fundazinoak atonduta.

Futbola eta ikus-entzunezkoak buztartzen dituan jaialdiak, Thinking Footballek, beste edizino bat hasiko dau martiaren 5ean. Kirol eta ikuskizun hutsetik harago doan futbola erakusten daben hainbat film ikusteko aukerea emongo dau, dobako emonaldietan. Azken mendean futbolaren inguruan sortu dan fenomeno soziala eta globala ulertzeko gakoak emotea da jaialdiaren helburua.

Sei saio izango ditu jaialdiak, Bilboko BBK Salan: Martiaren 5ean, 6an, 12an, 13an, 19an eta 20an. Astelehenak eta martitzenak dira danak. Proiekzino bakotxaren ostean, barriketaldi labur bat egongo da, ikusitako filmeko protagonistaren bat edo zuzendaria bertan dirala. Hamar film luze eta labur bi dagoz programazinoan.

Martiaren 5ean, lehenengo egunean, The Pass filmari 2017ko Publikoaren Saria emongo deutsie Thinking Footballeko arduradunek. Ondoren, Kenny pelikula ingelesa ikusi ahal izango da. Kenny Dalglish Liverpool FC taldeko jokalari ohiaren gorabeherak kontetan ditu pelikula horrek, batez be 1989ko Hillsborough-eko tragediako biktimentzako justizia eskatzeko egiten dauen lana.

Jaialdia zabalduko dauen filma ingelesa izatea ez da harritzekoa, izan be, Britainia Handikoak dira aurtengo edizinoan aurkeztuko diran lanetako asko, edo hango futbolagaz loturea dabenak. Britainiar sabore argia dauka edizino honek, esan dau Athletic Fundazinoak ohar baten. Ezaugarri horrek badauka zentzuna, Britainia Handia futbol modernoaren jaioterria dan ezkero, eta kontuan izanda kirol horrek uhartearen kultura herrikoian daukan eragina.

Halandaze, zigilu birtainiarra daben honeek filmak ikusi ahal izango dira Thinking Footballen: 89 (azken minutuko garaipen baten kronikea), The Workers Cup (salaketa soziala), The Lane (estadioaren magia azaltzen dau), Forever Pure (arrazakeriaren eta harmailetako indarkeriaren inguruko gogoetea), Don't Take Me Home (amesak betetearen ganekoa), eta lehenago aitatutako Kenny.

Martiaren 20an amaituko da jaialdia, Forbidden Games: The Justin Fashanu Story pelikulearen proiekzinoa hartuko dauen saioagaz. Adam Darke eta Jon Carey-k zuzendutako dokumental horretako protagonistea Justin Fashanu da, homosexuala zala autortu eban lehenengo futbolaria. Haren bizitza gatxa eta heriotza tragikoa kontetan ditu filmak.

Era berean, Irene Herrerok zuzendutako Iragartze euskerazko pelikula laburra ikusi ahal izango da amaierako saio horretan. Euskerazko bideo-sorkuntzen Thinking Football-Euskaltel lehiaketea irabazi eban igaz lan horrek. Athletic Fundazinoak dino aurten barriro lehiaketa hori antolatzeko asmoa dauela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu