Elhuyar, Zientziako Emakume eta Nesken Nazinoarteko Egunagaz bat

Bizkaie! 2018-02-09 09:51   Kulturea

Domekan, hilaren 11n, ospatuko da eguna.

Emakumeak zientzian | Ikusi handiago | Argazki originala

Emakumeek eta neskek zientzian modu erabateko eta bardintasunezkoan parte hartu deien, Nazino Batuen Batzar Nagusiak domeka hau Zientziako Emakume eta Nesken Nazinoarteko Eguna izentatzea erabagi eban 2016an. Elhuyarrek urteak daroaz lanean helburu horregaz, eta aurten be bat egingo dau nazinoarteko egun horren aldarrikapenakaz.

Jarrera horren adierazgarri, EITBko Teknopolis-ek saio osoa eskainiko deutse emakume eta neska zientzialariei. Holan, Maia García Vergniory DIPCko ikertzaile saritua alkarrizketatuko dabe, eta, erreportaje nagusian, emakumeek lanbide heziketan arlo industrialean daben jarduerea azalduko dabe, irakasleen zein ikasleen ikuspegitik.

Horrezaz gan, Norteko Ferrokarrilla-n Matematiken eta emakumeen arteko hartu-emonak aztertuko ditu Eli Alberdi Estibaritz matematikariak. Elhuyar aldizkariak, barriz, emakume ikertzaileak ezagutzeko aukerea emoten dau, besteak beste, Ekinean ataleko alkarrizketen bitartez.

Beste alde batetik, Elhuyarrek emakume zientzialariei komunikabideetan protagonismoa emoteaz gan, beste proiektu batzuen bidez be bultzatzen dau nesken eta emakumeen parte-hartzea zientzia-eremuan. Aitatzekoa da proiektu horreetako asko lankidetzan egiten dituala, helburua lortzeko ezinbestekotzat joten dauelako alkarlana. 

Horren adibide da Plotina, Europan ikerketea garatzen daben erakundeetan bardintasuna sustatzea eta bermatzea helburu dauen Europako proiektua. Orain gitxi, urtarrilean, egin eben kideek azken batzarra. Istanbulen izan zan, eta, tartean, nazinoarteko ikerketa-zentroetan bardintasun-planak garatzean ikasitako lezinoak konpartiduteko tailer bat egin eben, Elhuyarreko kideen gidaritzapean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu