Artista ugarik bat egin dabe 'Bi Dos Two' erakusketan

Bizkaie! 2018-02-09 08:38   Kulturea

Eremuak programeak produzidu dau eta Bilboko Azkuna Zentroan egongo da, apirilaren 8ra arte.

Estilo eta forma asko topauko ditu bisitariak Azkuna Zentroan zabaldu daben erakusketa barrian, izan be, Bi Dos Two belaunaldien arteko artisten topaleku bihurtu dabe. Kopuruz ez eze, ezaugarriz be anitza da erakusketea. Deialdi edegian aukeratu ditue erakutsi beharreko obrak.

Jatorria edo eragin-eremua hemendik hur daukien hainbat artistaren lan barrienak batzea da helburua. Azkuna Zentroaren arabera, euskal testuinguru artistikoan gauzatutako jardun eta jokera batzuk gizartera zabaltzea eta horreen harrera publikoa suspetzea izan da euren asmoa. Parte-hartzaile guztiak, beraz, sortzaile garaikideak dira, baina belaunaldi bat baino gehiagotakoak dagoz. Formatuari jagokonez, eskulturak, margolanak, marrazkiak, instalazinoak, proiekzinoak, soinu-lanak eta performanceak topauko ditu bisitariak.

Bi Dos Two erakusketan parte hartuko daben artistak eta obrak aukeratzeaz Eremuak egitasmoko lan-batzorde teknikoa arduratu da: Iñaki Imaz, Pello Irazu eta Leire Vergara dira batzordekideak, eta zeregin honetan Itziar Okarizen eta Emily Pethick-en laguntzinoa izan dabe; azken hori kanpoko gonbidatua izan da, Londresko The Showroom-eko zuzendaria dan ezkero.

Erakusketeak gune bat baino gehiago eta egitarau oparoa ditu, obra bakotxaren ezaugarriak nabarmendu ahal izateko. Era horretara, erakusleku nagusian dozena eta erdi artistaren lanak ikusi leitekez: Lorea Alfaro, Malús Arbide, Nadia Barkate, Luis Candaudap, Mikel Eskauriaza, Sahatsa Jauregi, Damaris Pan eta abar.

Azkuna Zentroko Jarduera Osogarrien Zentroa screening gunea izango da, hau da, ikus-entzunezkoen atala; bertan erakutsiko ditue Zigor Barayazarra, Miren Candina, Esti Ibarra, Aitziber Olaskoaga, Olatz Otalora, Igor Rezola, Andreas Wutz eta Manu Tarrazoren lanak.

Performanceei jagokenez, zezeilaren 13tik martiaren 7ra bitartean, txandaka joango dira hainbat artista euren sorkuntzea erakusten. Azkuna Zentroko gune baten baino gehiagotan izango dira saioak, performance bakotxaren ezaugarrien arabera. Sei emonaldi izango dira, beste horrenbeste artistarenak.

Apirilaren 8ra bitartean egongo da Bi Dos Two zabalik, egunero astelehenetan izan ezik. Sartzea doban da, baina performance batzuetarako gonbidapenak Golem zinema-aretoetako txarteldegian eskatu behar dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu