Artea neurtuko dabe Zeanuriko Eleizondon

Bizkaie! 2018-02-08 13:37   Kulturea

Tradizino horrek 60 urte bete ditu.

Zezeilaren 18an, San Balendin jaien barruan, artea neurtuko dabe, ohitureak agintzen dauen legez, urtetik urtera zenbat hazi dan jakiteko. 1958an ekin eutsien zeregin horri eta, beraz, 60 urte bete ditue horretan. Tarte batez ez eben neurketarik egin, baina orain dala hamabi urte berreskuratu eben tradizinoa. Aurten be, egitarau apala eta, era berean, bitxia atondu dabe eleizondotarrek.

San Balendin egunaren osteko domekan alkartuko dira nahi daben zeanuriztar eta bisitari guztiak, urteroko tradizinoa barritzeko. Eleizondo auzoan, Piedadearen ermitearen atzeko aldean dago artea. Horren aurretik, 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian eta, ondoren, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan, datorren urtera arte bertan ixteko, eta jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie.

Neurketearen aktea sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak —Ainara Ipiñazarrek—, datorren urtekoari —Julen Llanosi— agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsoz. Ostean, barauskarria —urdaia, pamitxea eta ardaoa— banatuko da bertara hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien eta bertsolarien kantuen artean burutuko dira.

Ainara Ipiñazarren arabera, Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz... artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta zana arduratzen zan. Zeferinoren koadernoetan lehen urteetako neurketen zehetasunak dagoz: Lehenengo neurketea 1959koa da, eta zera irakurri daiteke bertan: La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18.

Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurraga zanak egin eban 1999an; papeltxu baten zera idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50. Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek, eta Ainara Ipiñazarrek dinoanez, 2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz ganera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatzen dabe. Gaur egun, Igor Intxaurraga da neurtzailea.

Ospakizun honen ganeko informazinoa eta argazkiak Jon Urutxurtuk emon deuskuz.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu