Fantrobia saria jasoko dau Paul Urkijok Fant Zinemaldian
2018-02-07 11:32 ZinemeaMaiatzaren 4tik 11ra izango da aurtengo edizinoa Bilbon.
Bilboko XXIV. Fantasiazko Zinemearen Jaialdiak fantasiazko generoan nabarmendu diranentzako Fantrobia saria emongo deutso Paul Urkijori; zinemagile gasteiztarra Errementari film luzearen zuzendaria da eta martiaren 2an helduko da zinema-aretoetara, Sitges-eko Zinema Fantastikoaren Nazinoarteko Jaialdian eta Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen astean estreinau ondoren.
Arte Ederretan lizentziaduna, Urkijo oso gaztetan hasi zan film laburrak grabetan; horreen artean dagoz: Iltzeak (2006), Ohe azpiko zera (2011) eta Monsters Do Not Exist (2012). Danetara, 85 sari irabazi ditu sortutako proiekzinoakaz. Errementari-gaz, pausu bat aurrera emon dau zinemagileak bere ibilbide profesionalean. Pelikuleak Jose Migel Barandiaran antropologoak XX. mendearen hasieran idatzitako Patxi Errementaria ipuin mitologikoa dau oinarri.
FANT-ek bestalde, bere irudia aurkeztu dau hurrengo edizinorako. Protagonistea, uriko txokoetatik atzera eta aurrera dabilen eta leku guztietara heltzen dan mamu, izaki, zinemazalea da. Bere ohiko izara zuria jantzita, Bilbon ezinbestekoa dan beste elementu bat be badaroa: guardasola.
Bilboko zinemaldiak omentzen dauen zinema fantastikoan, mueta guztietako mamuak ikusi ahal izan dira: bildurgarri eta gaiztoak, arima oneko eta eskuzabalak, baita barregarriak eta maitagarriak be.
Sari barriei jagokenez, lehiaketearen atalean, Sail Ofizialeko kategoriaren baten parte hartu nahi daben filmak aurkezteko epea martiaren 15era arte egongo da zabalik. Zinemaldiak aurrera jarraituko dau epaimahaiaren eta ikusleen eretxiz, onenak izan diran film laburrei emoten jakezan 3.000 euroko sari biekaz eta epaimahaiaren eretxiz Euskal Herriko pelikula labur onena danari emoten jakon 2.000 euroko sariagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!