Paul Urkijo: ‘Ez da erraza jentea konbenzidutea film fantastikoak euskeraz egin daizan’

Ainhoa Lores 2017-10-30 08:00   Barriketan

Zinema zuzendaria eta gidoilaria.

Errementari da Paul Urkijoren lehen film luzea. Asteburu honetan estreinau dau Euskal Herrian, Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen astean. Ohore bat izan da berarentzat jaialdi honetan bere lana aurkeztu ahal izatea. Gasteiztarrak askotan parte hartu izan dau festibalean, izan be, genero fantastikoko film laburrak sortu ditu ugari; horreen artean dagoz: Iltzeak (2006), Ohe azpiko zera (2011) eta Monsters Do Not Exist (2012). Danetara, 85 sari irabazi ditu sortutako proiekzinoakaz.

Errementari-gaz, pausu bat aurrera emon dau zinemagileak bere ibilbide profesionalean. Pelikuleak Jose Migel Barandiaran antropologoak XX. mendearen hasieran idatzitako Patxi Errementaria ipuin mitologikoa dau oinarri. Arabako euskeran filmau dabe pelikulea Euskal Herriko hainbat tokitan. Filmean, besteak beste, Kandido Uranga, Itziar Ituño, Ramon Agirre eta Eneko Sagardoy aktoreek parte hartu dabe.

 

1.- Euskal Herrian baino lehenago, Sitgeseko Zinema Fantastikoaren Nazinoarteko Jaialdian estreinau dozu Errementari. Zelako esperientzia eta harrerea izan dau?

Hiru emonaldi iragarrita egozan, lehena prentsakoa izan zan. Jenteak lehen aldiz ikusiko eban filma eta euren erreakzinoa ikusi nahi nebanez, ezkutuan sartu nintzan. Inork ez ekian hara joango nintzanik. Aretoa beteta egoan. Hasieran urduri eta zer jazoko zan jakiteko gogoz nengoan. Jentea barreka eta txaloka ikusi neban pelikulearen erdian. Handik urten eta lehenengo kritikak irakurri nituan, batzuk oso onak, beste batzuk ez hain onak. Egun guztian zehar ibili ziran kritika oso positiboak argitaratzen. Beste proiekzino bietan be egon nintzan eta jentearen erreakzinoa positiboa zala ikusi neban. Publikoa pelikulea asko gustau jakela esateko hurreratu jaten. Hortaz oso pozik nago.


2.- Eta hortik Donostiara saltoa. Bertan, Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen Astea zabaltzeko ardurea izan dozu, ezta? Zer izan da holako plaza baten mobidutea?

Argi neban estreinua Euskal Herrian ahalik eta azkarren egin behar genduala, jaialdi handi baten eta Errementari fantasiazko pelikula bat izanik, egokiena Donostiakoan egitea zala pentsau neban. Askotan egon naz bertan, bai ikusle moduan, eta bai sortu dodazan film laburrakaz parte hartzen, eta niretzako festibal gogokoenetariko bat da. Horregaitik ohore bat da niretzako holako jaialdi baten egon ahal izatea. Festibal hau asko maite dot, oso gustura beraz.


3.- Zure lehen film luzea da Errementari, aurretik produkzino labur piloa sortu dozuz. Zerk eroan zaitu formatua aldatzera?

Betidanik izan dot argi pelikulak egitetik bizi nahi nebala. Nire asmoa beti izan da film luzeak egitea eta laburrak sortzea ikasketa bide bat izan da helburu hori lortzeko. Honeen bitartez, zinemea zelan egiten dan ikasi dot, gero film luzeak egin ahal izateko. Ganera, film laburrek ondo funtzionau dabe, jentearen harrera ona, sariak irabazi dodazala ikusita, film luzeak egiteko aukerea aztertzen hasi nintzan. Halan da ze, Errementari egiten ibili izan nazen bitartean, laburrak be sortu izan dodaz. Bidaia gatxa izan da, sei urte emon dodazalako Errementari sortzen


4.- Gogorra izan da, beraz, film luze bat sortzea.

Bai, azken finean, pelikula bat egitea oso garestia da eta dirua behar da horretarako. Ez da erraza ganera, jentea konbenzidutea pelikula fantastiko bat euskeraz egiteko, ez dalako oso normala be. Geldiro-geldiro, filma oso garatuta neban eta horrek lagundu eustan jentea erakarterako orduan.


5.- Patxi Errementariaren ipuina pantaila handira eroatea erabagi zenduan orduan. Txikitatik zure ipuinik gogokoena dala dinozu.

Film laburretarako fantastikoaren gaia jorratu izan dot beti, hori da gehien gustetan jatana eta Patxi Errementariaren ipuina txikitatik izan dot gogoko, bertan dagozan personaiak oso bereziak diralako, Patxi oso txarra dan errementaria dalako…

Horregaz oso egoera errealista, dibertigarri eta indartsua sortu eitekeala pentsau neban. Modu personalean ganera, pilo bat maite izan dodan ipuina da eta horrek be pelikulea altzetako indarra emon deust.


6.- Hortaz, istorio horrek emon deutsun jokoagaitik sortu dozu...

Bai. Ipuin txikia da, bertan ikusten da, adibidez, zelan deabruak Patxiren etxera joaten diran bera infernura eroateko … personaiak ez dagoz oso garatuta, horregaitik, nik Patxi zergaitik zan hain txarra planteau neban eta zer pentsetan daben deabruek guzti honetaz. Gero, istorioa be Euskal Herriko XIX. mendean kokatu neban… Holan joan nintzan istorioa garatzen.


7.- Filmean hainbat genero alkarkurutzatzen dira. Bildurrezko filma bai, baina umorerako tartea be bada, ezta?

Bai. Idazten jarten nazenean, holako kontrasteak modu naturalean urteten jataz. Egoera bildurgarri baten erdian, egoera surrealista eta barregarri bat sartzea gustuko dot. Ganera nire ustez, ipuinek berez beti ditue elementu desbardin horreek.


8.- Komentau dozu, filmak XIX. mendera eroango gaituela. Estetikeari jagokonez, zelan sortu dozue?

Lehenengo lokalizazino egokia bilatu behar da, Euskal Herrian dagozan leku historikoak oso konponduta dagoz, hau da, eleiza zahar bat topetea, adibidez, ez da erraza, dana oso barriztauta egoten dalako, herriak be oso egoera onean egoten dira. Hasiera baten gatxa da, baina gero oso leku politak be badoguz: errementari pare bat, baso ederrak... Beraz, leku desbardinen bila ibili ginan eta behin horreek izanda, bertan egon behar ziran elementuak, atmosferea… diseinau nituan eta horren ostean, zuzendariak errealidadera pasau zituan.


9.- Istorioa XIX. mendeko Araban dago girotuta eta horretarako, bertako euskalkia erabili dozue, ezta?

Bai. Hasieratik argi izan dot filma euskeraz egin nahi nebala, XIX. mendean, euskera zahar baten eta lehenengoz, Gorka Lazkanogaz alkartu nintzan euskaltzalea dalako eta berak proponidu eustan euskera arabarra erabiltea. Buelta batzuk emon geuntsazan kontuari. Berak Koldo Zuazori deitu, batu eta pixkanaka euskera hori berreskuratzen joan ginan. Ganera alderdi historikotik, interesgarria iruditzen jat, alde batetik, ni be arabarra nazelako eta ohore bat dalako eta bestetik pelikuleari emoten deutsan testura polit eta errealisteagaitik. Euskeraz dakien jenteak ganera, guztiz ulergarria dala ikusiko dau.


10.- Kandido Uranga, Ramon Agirre, Itziar Ituño, Eneko Sagardoy,  Maite Bastos… aktore zerrendea aitatu eta ikusteko gogoa pizten dauen horreetakoa da filma. Zelan izan da eurekaz lan egitea?

Gozada bat. Ganera oso filmaketa gogorra izan zan, neguan, hotzagaz, burrukakaz… oso grabaketa fisikoa izan da eta horretarako balio behar da. Inor ez da kexau, ehuneko berrehuna emon dabe beti.


11.- Behin film luzeak sortzeko saltoa emonda, pentsetan dot gehiago egiten animauko zarela.

Bai, horretan nabil, proiektu barri bi daukadaz eskuartean. Orain Errementari-gaz gagoz baina errubereak ez dau etenik behar. Euskal folklorean oinarritutako proiektuak izango dira, hori dalako gustetan jatena eta horregaz jarraitu nahiko neuke.


12.- Eta film laburrak alde batera lagako dozuz ala horreek sortzen be jarraituko dozu?

Oraingoz film luzeetan oinarrituko naz, baina beti dago lekua laburtxuren bat egiteko. Bakotxak bere momentua dauka.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu