Getxoko Wanted Idea Lehiaketearen irabazleak ezagutzera emon ditue

Bizkaie! 2018-02-05 10:44   Kulturea

Hola, Azkona, Una noche en el cementerio eta Osasun Fundamentala proiektuak dira saria eskuratu dabenak.

Getxoko Udaleko Gazteria Zerbitzuak eta Ekonomia-Sustapen sailak bultzatutako Wanted Idea Lehiaketearen 9. edizinoaren  irabazleak Hola, Azkona, Una noche en el cementerio eta Osasun Fundamentala izeneko proiektuak izan dira.

Ez aldatu janaria; aldatu platera leloagaz, Hola izeneko proiektu irabazleak 9.997,57€ jasoko ditu. Honek punta-puntako sukaldaritzako teknologia aurkeztu dau, hau da, 500 zulo txiker baino gehiago dituan plater bat, elikagaien koipeak bereizi eta xurgatzeko ahalmena dauena. Ander Méndez eta Aitor Bilbao sortzaileek azaldu dabenez, diseinu-plater honek dauen mekanismoari esker, orioa xurgatu, eta otordu bateko kalorien % 30eraino bereganatu daitekez.

Javier Zubeldiak, Markel Herrerok eta Josu Zubizarretak aurkeztutako Azkona proiektuak, barriz, artisau-garagardaoa egiteko enpresa bat abiatu nahi dau, ikuspegi kooperatibista, lokalista eta ekologistea ardatz hartuta. Enpresa honek Getxori bere garagardao-kulturea aberasten daben hainbat produktu eskaini nahi deutsoz, baita artisau-garagardaoaren munduak eskaintzen deuskun zapore eta aroma barrietarako zaletasuna sustatu be. Proiektua abian jarri ahal izateko sustatzaileek sariaren 4.672€ izango ditue.

Gau bat hilerrian animazinozko film laburra da eta Stop Motionek sortu dau, gizartean plastiko gehiegi erabiltearen arazoa azaltzen dau eta honegaz batera planeteak ezin duela produziduten dogun guztia barruratu be erakusten dau. Adrián Nogalesen proiektua da eta 6.550€ jasoko ditu.

Azkenik, Alejandro Sainz de la Ricaren Osasun Fundamentala tailer dinamikoen eskaintza bat da, dobakoa, bi eta bost ordu artekoak, Getxoko ikastetxeetan gazteenen osasun mentala eta emozionala landu, garatu eta indartzeko. Ikasleen garapen mailei eta ikastetxeen hizkuntza ereduei egokitutako tailerrak dira, estigmeagaz amaitzeko, bizi-ohitura osasuntsuak sustatzeko eta ondoezari aurre egiteko. Persona baten hasierako urteak eta nerabezaroa funtsezko etapak dira oinarri osasuntsu bat finkatzeko, bizitzan aurrerago disfuntzionaltasunak agertzea prebeniduteko eta bizitza beteago bat izateko. Horregaitik, psikologo gazte batek bultzatutako proiektu txiker honek lehenengo pausua izan nahi dau gure gorputza modu mentalean eta emozionalean jagon eta gizartean sentiberatasuna eragiteko. Proiektu honek 779€ko saria jaso dau.

Sari honeez gan, proiektu bakotxak hamar orduko aholkularitza profesionala jasoko dau, norberak aukeratutako eremuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu