Artedrama Euskal Laborategian izena emoteko epea zabalik

Bizkaie! 2018-02-02 12:44   Kulturea

Astebetez, euskera hutsean, arte eszenikoak landuko ditue parte-hartzaileek.

Artedrama Euskal Laborategiaren XIII. edizinoan izena emoteko epea zabaldu dau Artedramak. Egonaldia bera, apirilaren 2tik 7ra egingo dabe Aulestian: Astelehenetik zapatura alkarregaz egongo dira, arte eszenikoetako hainbat alor hobetzen eta tekniketan sakontzen, eskarmentu handiko profesionalek gidatuta. 

Danetara, zortzina orduko sei ikastaro antolatu ditue, hau da, 48 ordu. Topagunetzat jo dau egonaldia Artedramak: Euskeraz gabizanon topagunea da, aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat urtero zabaltzen dan gunea. Alkarregandik ikasteko, jakintzak partekatzeko eta eztabaidarako aukerea emongo dau Aulestiko alkarbizitzeak, antolatzaileen ustez.

Ikastaroak honeek izango dira: Aktorearen jantzea (irakaslea Ander Lipus), Hemen eta orain (Aiora Sedano), Tartean dagozan gorputzak (Oier Guillan eta Javier Barandiaran), Organizidadea eszenan, testuakaz jolasean (Pako Revueltas), Desorekea (Iraitz Lizarraga) eta Bakarrik jantzan egitea, bakarrik sentidu barik (Mizel Théret). Saio guztiak euskeraz izango dira.

Artedramak dei egin deutse interesa daben guztiei ahalik eta arinen izena emoteko, plazak mugatuak diralako. Matrikulearen prezioaren barruan sartzen dira lotarako lekua eta otorduak. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu