BBK Live-ko Basoak behin betiko egitaraua dauka
2018-02-01 12:37 MusikeaDJak eta musika elektronikoa dira gune horretako ardatza.
Uda guztietan Kobeta mendian ospatzen dan Bilbao BBK Live-ko espaziorik gazteena da Basoa (aurten hirugarren aldiz egingo dabe), baina pixkanaka bere lekua egiten dabil jaialdira hurreratzen diran bisitarien artean. 2018ko edizinoan, ohikoa dan legez, nazinoartetik etorritako DJ eta musikari elektroniko ugari ekarriko ditue. Antolatzaileek gaur emon dabe behin betiko zerrendearen barri.
Basoako egitaraua atontzeko orduan, kalidadearen aldeko apustua egin dabela dinoe BBK Live-ko arduradunek. Ingurune natural parebako baten erdian, akustika bikaina dauka Basoak, antolatzaileen esanetan, eta horrek giro berezia sortzen dau. Jantzarako musikea iges egiteko aproposa da eta ohiko espazioetatik urten beharra dago horretarako. Basoa jaialdiaren barruko jaialdia da, ekosistema sensorial alternoa, azaldu dabe.
Ondokoak dira 2018ko edizinoko artistak:
Modeselektor. Gernot Bronsert eta Sebastian Szary hamarkada bi baino gehiagoan ibili dira Europako elektronikearen oinarriak astintzen. IDM, hip-hop, Dub, Electro, Techno edo musika esperimentala generoetatik edan eta etiketa barriak sortu ditue.
Hunee. Digger-DJ esaten jaken guztien artean, etenbako bor-borrera jentea eroan leiken artistea da berau. Berak dino bedeinkatua sentiduten dala musikea jarten dauen bakotxean.
Ben UFO. Jantzarako musikaz dauen ezagutza entziklopedikoari, etorkizuneko klasikoak topetako gaitasunari eta akatsik bako teknikeari esker, estilo batetik bestera salto egiten dau eta bere saioek, jantzarako izateaz gan, beti historia bat kontetan dabe.
John Talabot. Ipinten dituan trackak ezagutzeko gatxak diran arren, gozetako oso errazak dira. Erosotasunetik urrun beti, ezezagunean sartzeko prest, bere set guztiek trantze ia mistikoetan sarrarazoteko gaitasuna dabe.
Prosumer. Achim Brandenburgek 1990eko hamarkadatik nahastau ditu Chicagoko jack-a eta New Yorkeko deep-a, Berlingo ikuspegitik.
Optimo. JD Twitch da Optimoren erdia; beste erdia Jonnie Wilkes da. Orain dala hamarkada bi, rock eta elektronikearen nahasketeak kimera itxurea ebanean, holako jai bat antolatu eben Glasgow-n, gau monotematikoei aurre egiteko. Gaur egun ezinezko estilo-nahasketakaz jarraitzen dabe.
Skatebård. Honen jatorrian hip-hopa dago, baina laster heldu zan soinu elektronikoetara. Bere lanetan eta saioetan italo-diskoa, house amerikarra, elektroa, acida edo technoaren alderdirik emozionalena alkarregaz bizi dira.
Avalon Emerson. Artista honen igoerea meteorikoa izan da, baina ez kasualidadez. San Frantziskoko legez kanpoko jaietan DJ lanetan trebatu ondoren, autodidaktea izan da produkzinoetan eta denpora laburrean bere trackak zigilu handietan argitaratu dira.
Dekmantel Soundsystem. Thomas Martojo eta Casper Tielrooij 2007an hasi ziran alkarregaz jaiak antolatzen eta handik hamarkada batera Amsterdameko agertoki emonkorraren gailurrean dagoz. Akatsik bako selektore bikotea dira.
Young Marco. Saio bakotxean hiru gauza ziur izaten ditu: pista irribarrez beteko da, oinak mindu arte jantzan ipiniko dau publikoa eta ondorengo asteetan loop-ean entzuteko moduko abestiren bat aterako dau.
Anthony Naples. Housemaster garaikide handietako bat da. Bere lanetan ez dago faltsututako ezer. Erabateko zintzotasuna eta garbitasun feelinga besterik ez.
Samo DJ. Nahiago dau munduko txoko galduetan hautsez betetako kubetetan bila ibili eta estudioan esperimentau. Beharbada horregaitik argitaratu dau gaur egungo undergroundaren zigilurik errespetatuenetan. Bere setetan jamaikar dub-a eta acid technoa entzun leitekez, deep-house edo pop martzianoaz gan.
Cora Novoa. Hamar urteko ibilbidean, Cora Novoaren soinuak erreboluzinoak galdu ditu eta sakontasuna irabazi, baina aura onirikoa, misteriotsua, ia esoterikoa dauka oraindino.
Daniel Baughman. Plateren atzean ez dagoanean, Daniel Baughman Hivern Discs and Magic Teapot Recordseko A&R da. DJ honek argi ixten dau errefinamendua eta eraginkortasuna buztartu leitekezala.
DJ Fra. Bartzelonako musika elektronikoaren historia ezin da ulertu DJ Fra barik. Nitsa Clubeko egoiliarra da aspalditik eta era guztietako estilo eta garaietako koordenadak buztartzen ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!