'Ultravioleta' izeneko diskoagaz dator Revolta Permanent
2018-01-31 11:37 MusikeaHip Hop estiloko zortzi kantuk osotuten dabe lan barria.
Hirugarren diskoa da Barakaldoko musikariek dakarrena. Lan hau taldeak sortutako Gazteak euskara zabaltzen izeneko dokumentalaren ostean dator, honetan rap musikearen bidez euskerea zabaltzeko egin daben ahalegina azaldu nahi izan dabe.
Ultravioleta diskoa zortzi kantuz osotuta dago. Aitor Abiok sortu, Iker Villak eta Iker Aginagak abestiak idatzi eta Mungiako Gaua estudioan grabau dabe. Jon Asier Zubelzu koordinazino lanetan ibili da. Grabazinoaren ostean, kantu bakotxa Estaduko produktore entzutetsu batek moldatu dau: Manuel Colmenero, Josep Umbría, Maurizio Tonelli, Carlos Lillo, Jordi Gil, Francisco Martinez Perez Pacoloco, Marc Parrot eta Dany Richter dira horreek. Revolta Permanent-ek adierazo dauenez, idea arriskutsua izan da, izan be, produktore horreen artean ez dago hip hopa, rapa edo elektronikea aurretik jorratu dauenik.
Azken ikutuak emoteko New Yorkeko Brooklyn-era bialdu dabe lana eta bertan, Jesse Cannon-ek (Cannon Found Soundation) masterizazinoa egin dau.
Diskoaren sortze prozesua berezia izan da taldearentzat, baita bertan parte hartu daben guztientzat be. Emoitzea zortzi kantu desbardin eta bitxi dira, baina Revolta Permanent-ek dauen esentzia galdu barik.
Ultravioleta diskoa zezeilaren 15an zuzenean aurkeztuko dabe Bilboko Kafe Antzokian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!