Rockein lehiaketako deialdia zabaldu dabe

Bizkaie! 2018-01-31 10:25   Musikea

Euskal Herriko talde eta bakarlariek parte hartu leikie.

Martiaren 24ra arte dago Rockein Lehiaketearen 6. edizinoan izena emoteko aukerea. Hego Euskal Herriko proiektu musikalak bultzatzea da helburua eta Basauriko Udalak antolatzen dau, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko udalakaz alkarlanean. Gehienez disko bat argitaratuta daukien bandek edo bakarlariek parte hartu leikie, tartean kontratu diskografikorik ez badago. Edozein estilotako musikea onartuko dabe antolatzaileek.

Musikariek hiru abestiko artxiboa aurkeztu beharko dabe. Martiaren 24aren ostean, musikearen profesionalek eta komunikabideetako adituek osotutako epaimahaiak guztien lanak entzungo ditu, eta sei talde edo bakarlari finalista aukeratu.

Basauriko Social Antzokian izango da finala, maiatzaren 12an. Sei finalistek zuzenean joko dabe eta epaimahaiak irabazleak aukeratuko ditu. Antolatzaileek irabazle nagusiari lagunduko deutsie disko bat produziduten eta bideoklip bat grabetan. Ganera, MAZ Basauri jaialdian jo ahal izango dau.

Beste sari batzuk be egongo dira: Banda lokalik onenarena (Basaurin, Arrigorriagan, Laudion eta Galdakaon erroldautakoentzat), euskerazko bandarik onena eta publikoaren saria. Talde edo bakarlari batek ezin izango dau sari bat baino gehiago irabazi.

VI. Rockein Lehiaketan, inguruko musikari ugari batu nahi ditue antolatzaileek; igaz 129 talde eta bakarlarik emon eben izena, ordura arteko errekorra. Orain arte egindako bost edizinoetan, 500 talde edo bakarlari baino gehiagok parte hartu dabe.

Oinarriak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu