Emakumeei autortza artistikoa Derion

Bizkaie! 2018-01-31 08:22   Kulturea

Lourdes Puertas Gomezek Nos_otras erakusketea ipini dau Kultur Birikan.

Lourdes Puertas Gomez, Derioko erakusketan (argazkia: Aikor) | Ikusi handiago | Argazki originala

Emakumeak historian zehar ikusezinak dirala salatu nahi dau Lourdes Puertasek erakusketa honetan, eta hareek egindako lana argitara ekarri. Horretarako, sorkuntza artistiko berezia atondu dau Derioko Kultur Birikan: Horman goitik behera esegitako papel luzeetan hainbat emakumeren izenak idatzi ditu, izen-abizenak dira, alkarren segidan idatzita, andrazkoak ikusezintasunetik aterateko.

Puertasek azaldu dauenez, emakumeek egindako lana ez da sekula aintzat hartu, gizartearen aurrerabiderako ezinbestekoa izan dan arren. Txorierriko Aikor aldizkariari egin deutsazan adierazpenetan dinoanez, etxe barruan egindako lan hori barik ez ginakez orain gagozan lekuan egongo. Horrezaz gan, bizitza publikoan emakumeek egindako ekarpena be handia izan dala dino artisteak, baina historiak hori guztia ezabatu dauela.

Hortaz, Nos_otras erakusketea emakumeen lanari egindako autortzea da, ekarpen ikusezin horren balioa argitara ekarteko ahalegina. Papel zaharraren ganean idatzitako izenak hormetan esegi ditu, etxeko hormak gogoratzeko, emakumeen espazio intimoa dan etxe barrua agertzeko asmoz. Izenak idatzita, emakume bakotxari garrantzia emon nahi izan deutso.

Hormetatik esegitako papelakaz batera, koadro batzuk be erakusketearen parte dira. Margolanetan lorak agiri dira gehienbat, Lourdes Puertasen bizitzan erreferente izan diran emakumeak lorakaz lotzen ditualako.

Erakusketea Derioko Kultur Birikan ikusi leiteke, zezeilaren 24ra arte. Aurretik, EHUren Bizkaia Aretoan  egon da Nos_otras, Bilbora, eta martian Barakaldoko Clara Campoamor gunera eroango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu