Zurrumurruen kontrako idazketa tailerra abiatuko dabe Bilbon

Bizkaie! 2018-01-30 10:52   Kulturea

Zortzi saio izango dira danetara eta Txani Rodríguez kazetari eta idazleak gidatuko ditu.

Zezeilaren 12an, astelehenean, hasiko da zurrumurruen kontrako sormenezko idazketa tailerra. Ordu biko zortzi saiotan banatu dabe eta bertan, Txani Rodríguez kazetari eta idazleak narrazinoaren teknikak eta tresnak erakutsiko ditu, fikzinozko istorio on bat osotzeko baliabideak ikasteko. Beste alde batetik, kontakizunagaz denporea erabilten edo narrazino generoen arteko aldeak zeintzuk diran azalduko dau Laudiko kazetariak, beti be, zurrumurruen kontrako proiektuaren barruan.

Tailerra Bilboko Azkuna Zentroko Medialab2 aretoan izango da, zezeilaren 12an eta 26an, martiaren 14an eta 28an eta bagilaren 11n, arrastiko 18:30etik 20:30era. Saio horreek dobakoak izango dira eta edonork parte hartu ahal izango dau, halandabe, lehentasuna emongo deutsie aurreko edizinoetan parte hartu ez dabenei.

Irudimena, sormena eta literaturearen ganeko interesa dira tailerrean parte hartzeko behar diran baldintza bakarrak. Bertan, proposamen eta ariketa praktikoen bidez eta erreferentziazko irakurketak eta literatur testuak erabilita, literaturan migrazinoei, atzerritarrei eta beste kultura batzuei buruzko beste begirada bat jasoten ahaleginduko dira.

Txani Rodríguez kazetaria eta idazlea Laudion jaio zan 1977an. Komikien gidoiak idatzi izan ditu, La carrera del Sol esaterako. Hainbat komunikabidetan kolaborazino lanak egiten ditu eta liburu honeek daukaz argitaratuta: El Corazón de los aviones ipuin-liburua, Artzaina izan nahi dut eta Ez naiz barazkijalea umeentzako lanak, eta Lo que será de nosotros eta Agosto elebarriak. Bere azken nobelea, Si quieres, quédate aquí, Nazinoarteko XLVII. Elebarri Sariko finalistea izan zan.

Zurrumurruen kontrako proiektua Bilboko Udalak jarri eban abian orain dala bost urte, atzerritarren inguruko estereotipo negatiboei aurre egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu