Bruno Mars, Grammy sarietako izarra

Bizkaie! 2018-01-29 10:25   Musikea

Sei sari irabazi ditu New Yorken egindako galan.

Bruno Mars, irabazitako grammyak eskuan | Ikusi handiago | Argazki originala

Sei hautagaitza izan ditu Bruno Marsek 60. Grammy sarietan, eta seirak irabazi ditu, 24K Magic diskoari esker. Hartara, New Yorken antolatutako ekitaldiko protagonista nagusia izan da abeslari amerikarra. Albumik onenaren eta R&B estiloko onenaren sariak emon deutsiez, baita grabazinorik, abesti orokorrik, R&B abestirik eta aktuazinorik onenarena be.

Kendrick Lamar be ez da gaueko izar nagusia bihurtzetik urrun ibili, izan be, zazpi hautagaitza izan ditu, HHUMBLE. eta LOYALTY. lanei esker, eta bost irabazi ditu azkenean. Rap estiloko sari nagusiak eskuratu ditu Lamarrek.

Jay-Z, ostera, esku hutsik geratu da. Berak izan ditu hautagaitza gehien, zortzi, baina Grammy sari bakar bat be ez deutsie emon. Childish Gambinok bost izendapen izan ditu, baina R&B tradizionaleko aktuazinorik onenaren sariagaz konformau behar izan dau. Luis Fonsi eta Daddy Yankeeren Despacito abestiak be ez dau ezer irabazi.

Alessia Cara kanadarrak, artista barriaren kategoriako saria jasoteko orduan, bardintasunaren aldeko aldarria egin dau, izan be, aurtengo Grammy sarien palmaresean ia ez dago emakumerik. Jazarpen sexualaren kontrako mezuak be egon dira galan, zinemagintzako sariketetan hasitako bideari helduta.

Horrezaz gan, azkenaldion hildako musikari ezagunak gogoan hartu ditue, besteak beste, Tom Petty, Chuck Berry eta Fats Domino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu