2018ko Argia Sariak emon ditue
2018-01-29 09:16 KultureaIgazko euskerazko komunikazino proiekturik onenak saritzea izan da helburua.
Usurbilen emon ditu Argia astekariak bere urteroko sariak. Sarituen zerrendan, izen ugari, alor ugaritako jentearen lana txalotu nahi izan dabe eta. Estitxu Eizagirre aldizkariko zuzendariak gidatu dau ekitaldia, eta sarituen lanak euskerazko komunikazinoaren aurrerabidean daukan garrantzia azpimarratu dau. Bego Zuzak eta Urko Apaolazak be berba egin dabe.
Irratiko saria Jokin Aldazabalek gidatzen dauen Euskadi Irratiko Ekosfera saioarentzat izan da. Energia barriztagarriez, mobikortasunaz, hondakinez, uraz, ibaiez, lurrikarez, tren lasterraz… berbetan entzuten dogu Aldazabal. Kontzientzia ekologikoa zabaltzeko egin dauen lanagaitik saritu dabe.
Ikus-entzunezko saria Uxue Alberdi eta Aitzol Barandiaranentzat izan da, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari ETB-n egindako jarraipenagaitik: erretransmisino hutsa egitetik harago, iruzkin aberatsak egin ditue, artistea errespetauta, baina gakoak emonaz ikusten eta entzuten genduna baloretako, dino Argiak, busti egin dira iruzkinetan, ados egon ala ez, eskertzen dau hori ikusleak.
Prentsa idatzizko saria, Harmaila aldizkariarentzat eta haren egile diran Eñaut Barandiaran, Aitor Manterola eta Iñaki Berastegirentzat izan da. Igazko garagarrilean argitaratu eben 0 zenbakia, interneten. Urte amaieran papelera egin eban salto. Argitalpen barri honen filosofia argi dabe egileek: Patxadaz irakurteko aldizkaria da, kirola eta kirolaria erdigunean jarten dituana, pasinoa eta analisia buztaruz, eta dana euskera hutsean.
Interneteko saria Txantxangorria.eus webgunearen arduradun Gabi de La Mazarentzat izan da. Euskera-ikasleakaz klasean lantzeko karaokeak egiten hasi zan, eta gaur egun Euskal Herriko milaka herritarrek eskertzen deutse ahalegina, euskerazko abestien karaokeak sarean jarri ditu eta. Argiaren arabera, gure ondare musikala garai barrietara ekarri dau, mundura zabaltzen lagundu deutso, eta 2.000 kanta baino gehiago karaokeateko hartutako lana saritu nahi izan dogu.
Sustapen ekintza saria Iruñeko Udalari emon deutsie. Mobimendu feministek urteak daroez eraso sexistak salatzen, eta hainbat tokitan erakunde publikoen eskutik hasi dira lanean. Iruñean alkarlan horren ondorioak atzemon dira. Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske estrategia komunikatiboa saritu dau Argiak.
Merezimenduzko saria, barriz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei emon deutsie, 30. urteurrena bete barri dabela eta, egindako ibilbidea autortzeko. Era guztietako gaiak lantzeko prest dagoz beti, balore jakinetatik (migrazinoa, familia ereduak, naturea, indarkeria matxistea, euskerea…).
Azkenik, bigarren merezimenduzko sari bat be emon dau Argiak: Bakearen Artisauei egindako lana eskertu nahi izan deutsie. Herri honen lorpen handi bat izan da, 2017an, armabakotzea, astekariko arduradunen ustez: Bakearen Artisau bihurtu ziran herritarrek lortu eben, desobedientzia zibilaren bidez, lehen armak deuseztatzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!