Dozena bat ikuskizun Zornotza Aretoan, 2018ko lehen seihilekoan

Bizkaie! 2018-01-26 09:20   Kulturea

Ele!! Lorca-Lauaxeta ikusi ahal izango da gaur, barikua.

'Ele!! Lorca-Lauaxeta' ikuskizuna | Ikusi handiago | Argazki originala

Programazino kultural oparoa antolatu dau Zornotza Aretoak urteko lehenengo seihilekorako. Udara bitartean, hamabi ikuskizun dagoz egitarauan eta, horreetako bat, gaur bertan ikusi ahal izango da: Ele!! Lorca-Lauaxeta XX. mendearen hasierako idazle handi biri eskainitako antzerki-errezitaldia da, Federico García Lorcari eta Esteban Urkiaga Lauaxetari, hain zuzen. Bien olerkien bidez, poesiak eta arteak baloreak transmitidu leikiezala azpimarratzen dau ikuskizunak.

Gabonen ostean eskainitako Artxipielagoa eta gaurko Ele!! ikuskizunak dira Zornotza Aretoko hitzorduak urtarrilean. Zezeiletik aurrera be, kultura-zaleek izango dabe gozamenerako aukerea. Hil horren 3an, Dejabu Panpin Laborategiaren Linbo planeta obrea egongo da Zornotzako oholtzan eta 16an, Kabia Teatroak Alicia después de Alicia antzezlana aurkeztuko dau. Zezeila biribiltzeko, Karrika taldearen Deshakesperazioa ikusi ahal izango da.

Martiaren 9an, Bilbao 700 Fundazinoak Lyceum Club antzezlana eroango dau Zornotza Aretora, feminismoaren aitzindariei eskainitako lana. Martiaren 17an, ostera, Izar antzezlana egongo da. Apirilaren 13an, Cancamisa Teatrok Imanol Ituiñok idatzi eta zuzendutako Ramper historia de un payaso lana aurkeztuko dau. 20an, barriz, Hika Antzerki Taldeak Txarriboda antzezlana aurkeztuko dau, hori be oraintsu estreinautakoa.

Maiatzaren 4an, Zornotza Aretoak Gorakada konpainiaren Ulisesen Bidaia lana hartuko dau. Programazinoa biribiltzeko, Ez Dok Hiru taldearen Euskal musikaren benetako istorioa helduko da antzokira.

Amorebieta-Etxanoko Udalak ohartarazo dauenez, 24 urteko ibilbidearen ostean, Zornotza Aretoak eskaintzen dituan ikuskizunen ordutegiak aldatzea erabagi dau, gizarteko ohitura barrietara egokitzeko asmoz. Ikus-entzule guztiei eta helduei zuzendutako ikuskizunak 20:15ean hasiko dira eta umeei zuzendutakoak zapatuetan 18:00etan.

Ganera, arte eszenikoen programazinotik kanpoko ekintzak be egongo dira hurrengo hileetan Zornotza Aretoan, berbarako, Tritzak eta Terra da fraternidade kontzertuak aitatzekoak dira.

Bestetik, KINE zine-klubak hiru ziklo eskainiko ditu: Lehenengoa, Euskolabel zikloa, euskal artistek zuzendutako pelikulena. Bigarrena, Nagusi egitea eta beste arazo batzuk izenekoa. Hirugarrena, Femeninoan zikloa.

Informazino gehiago, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu