Eduardo Chillidaren 'Oihartzunak', Durangon
2018-01-26 09:25 KultureaArte eta Historia Museoak artista donostiarraren grabaduak eta liburu bat batu ditu.
Obrak dirala eta, zarratuta egon da Durangoko Arte eta Historia Museoa udatik hona. Behin eraikina barriztauta, XX. mendeko euskal artearen ikur garrantzitsuenetako bati lekua egin deutsie: Oihartzunak erakusketan; Eduardo Chillidaren (1924-2002) 26 grabadu eta Johann Sebastian Bach konpositorearen omenez idatzi eban liburua ikusi leitekez.
Arte eta Historia Museoaren jaubetzakoak diran Chillidaren obrak batu, katalogau eta ezagutzera emoteko asmoz eratu dabe erakusketea. Museoak 18 grabadu ditu eta, ganera, artistearen senideek eta Chillida Leku espazioak beste bederatzi artelan itxi deutsez erakusketarako.
1960 eta 1990eko hamarkaden artean egindako 26 grabadu dira, testu labur batzuek lagunduta. Chillida Lekuko zuzendariak, Durangoko alkateak, Arte eta Historia Museoko zuzendariak eta abarrek idatzi ditue testuok. Ganera, José Zugasti eskultorearen olerki bat eta Oteizak aspaldi idatzitako baina orain arte argitaratu ez dan testu bat be irakurri leitekez. Iker Perez Goiri eta David Pavo Cuadrado komisarioek saiakera labur bana idatzi dabe.
Erakusketea biribiltzeko, Eduardo Chillidak 1997an idatzitako Hommage à Jean-Sébastien Bach liburua jarri dabe erakusketan. Era berean, 96 orrialdeko katalogoa argitaratu dau Durangoko Arte eta Historia Museoak, elebiduna eta artistearen lan prozesua erakusten daben argazkiz hornidua.
Oihartzunak ikusgai egongo da martiaren 11ra arte. Xabier Laka eskultore eta irakasleak eta Emma López Bahut arkitektoak berbaldi bana emongo dabela aurreratu dau museoak, eta bisitaldi gidatuak be antolatuko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!